Mugimendu feministak eta emakume taldeek gidaturiko prozesu parte hartzailea abian jartzea planteatzen dugu, Emakumeen Etxeak zer-nolakoa izan behar duen erabakitzeko. Hainbat emakumek parte hartu dute EH Bilduren agerraldian, hala nola Irantzu Varela, Natalia Gardeazabal, Arantza Urkaregi, Diana Urrea, Oiakue Azpiri, Izaskun Guarrotxena, Joana Regueiro, Meritxel Elgezabale, Oihana Bartra, Amaia Agirresarobe eta Arri Zulaika. Koalizioaren alkategai Aitziber Ibaibarriagak eta Alternatibako kide eta Biloko zerrendakide Alba Fatuartek eman dute proiektuaren berri.
Izan ere, gaur eta hemen, emakumeok bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituzte. Eta ez kasualitatez, baizik indar politiko askoren konpromiso falta eta ondo neurturiko erabakien ondorioz. Aldiz, EH Bildun garbi dugu botere harreman eta era askotariko zapalkuntza oinarri duen eredu sozial, politiko eta ekonomiko horri buelta ematen segitu behar dugula, kalean zein instituzioan borroka eginez. Emakumeok dagokigun espazioa irabaz dezagun eta dagozkion eskubideak eskuratu ditzagun.
Horregatik, EH Bilduk feminismoa lehen lerroan jartzen jarraituko du, soilik horrela lortuko baitugu emakumeok periferiatik erdigunera pasatzea eta soilik horrela bermatuko baititugu emakumeon beharrizan eta aspirazioei erantzungo dieten politika publikoak.
Izan ere, Bilboko Udalak ez du ikuspegi feminista txertatzen garatzen dituen politiketan. Bere konpromiso ezaren eta Bilbon historikoa den mugimendu feministaren proposamenak aintzat ez hartzearen adibide garbia da San Vicente plaza honi izena aldatu ez izana. Udalbatzan defendatu genuen Bizkaiko emakumeen asanbladaren iniziatiba zen “Azaroaren 25eko plaza” izendatzea. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako konpromisoaren adierazle bezala. Eskaera horri ezezkoa eman eta beste espazio bat izendatu du izen horrekin, Bailen kaleko espazio bat hain zuzen.
Bilboko Udalaren ikuspuntu feminista ezaren beste adibide garbi bat da politika eta ekinbide honi eskaintzen dion aurrekontuaren zati hutsala: 2014ko aurrekontuaren %0,26. Eta garbi dago garrantzia handiagoko inbertsioak eta konpromisoak izango direla beharrezkoak emakumeen mendeko egoerari buelta emateko. Horregatik EHBildutik proposatzen dugu Berdintasun Saila Alkatetzatik bertatik kudeatzea; batetik zehar-lerro moduan beste sailetan eragin ahal izateko eta bestetik, beharrezko aurrekontua kudeatu dezan.
Gure apustua argia da: Parekidetasunean oinarrituriko parte hartze eredu osasuntsu, orekatu, iraunkor eta eraldatzailea sustatu nahi dugu, eta hain zuzen, horri erantzuten dio Emakumeen Etxearen proiektuak. Izan ere, emakumeen parte hartze sozial eta politikoa bultzatzeko gunea izango da, baita emakumeen ahalduntzean urrats atzeraezinak egiteko tokia ere.
Horretarako, baina, Udaleko ordezkariek zein emakume elkarte eta mugimendu feministak osaturiko Emakumeen Kontseilua birplanteatuko dugu, bertan adosturiko edukien gaineko ekinbideak garatzeko ahalmena izan dezan, eta hartara, Bilboko Emakumeen Etxea sortzeko prozesu parte hartzailea abiaraz dezan.
Euskal Herriko beste leku batzuetan bezala, Bilbon ere Emakumeen Etxea behar dugula uste dugu. Duela lau urte jada, 2011ko udal hauteskundeetarako osaturiko programan, jaso genuen mugimendu feministak historikoki izan duen aldarrikapen hau. Eta tamalez, lau urte beraduago berriz ere jaso behar izan dugu.
Udalaren, emakume elkarteen eta mugimendu feministaren arteko akordioaren emaitza izan beharko litzake Bilboko Emakumeen Etxeak, eta honako oinarri hauei erantzungo lioke:
- Emakumeen parte hartzea eta ahalduntze politiko zein pertsonala sustatuko ditu.
- Emakumeen Etxea Bilboko emakume elkarte eta mugimendu feministaren elkargune izango da, eta emakumeentzako espazio librea ere. Emakumeentzako Bilboko Ahalduntze Eskola bertan kokatu behar dela ere uste dugu. Baita emakumeei arreta eskaintzeko bulegoa ere, besteak beste.
- Aurrekontu propioa izango du.
- Udalak espazio fisiko egoki bat eskainiko dio proiektu honi.
Etxe honen bitartez, Bilboko Udalak Emakunderen IV planean aurkitzen zen proposamen bat gauzatuko du eta Jabetze eskola edota Emakumeen Etxea duten Udal sare bateko kide izango litzateke. Basauri, Getxo, Ermua ,Ondarroa, Abadiño, Durango, Elorrio, Sestao, Erandio, Donostia, Arrasate, Eibar, Zarautz, Errenteria, etab. sare horretako kide dira.
Uste dugu hainbat udalerriek Jabetze eskola edota Emakumeen Etxea bezalako ekimenak martxan jarri izana ekimen honen arrakastaren seinale dela eta Bilbo ezin dela atzean gelditu.