Mugikortasunaren inguruan EH Bilduren ardatzak azaldu dituzte Jon Albizu Alternatibako kide eta Foru hauteskundeetan Donostialdeko EH Bilduren zerrendaburuak eta Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituren arloko foru diputatuak. Biek nabarmendu dute RENFE mugi txartelaren barruan sartzea dela ondorengo urteetarako erronka nagusia, eta horrekin batera, azken lau urteotan foru aldundiak izan duen ildoari eustea, garraio publikoa bultzatu eta hobetzearekin batera, bidegorrien sarea zabaltzea alegia.
Larraitz Ugartek foru diputatuak lau urteotan mugikortasun egoki eta iraunkortasunaren alde burutu diren aurrerapenak azaldu ditu. Jakina da errepide bidezko garraioaren nagusitasuna arazo bihurtu dela eta horregatik beste mugikortasun eredu bat bultzatu duela EH Bilduk batez ere garraio publikoan oinarritua. Horren hobekuntza esanguratsuenak, Mugi txartel bakarraren sorrera, autobus zerbitzuetan eman den hobekuntza nabarmenak parte hartze prozesu zabal baten ondoren gainera eta bidegorriak egiteko inbertsioak.
Jon Albizu hautagaiak, aldiz, RENFEren tren zerbitzua egunero 25.000 gipuzkoarrek erabiltzen dutela nabarmendu du eta beste zenbait hobekuntzan artean, RENFE txartel bakarrean integratzeko eskatu. Adostasun oso zabala dago Gipuzkoan garraio publiko osoa txartel bakarrean integratzeko RENFEko arduradunen kasuan izan ezik. “RENFEk ez du integratu nahi izan. Beraz, egunero tren horiek erabiltzen dituztn 25.000 gipuzkoarrek ez dute Mugiren aukera eta beherapenez baliatzeko aukerarik, eta ezin dituzte transbordoak egin beste garraio publikoetara. Oraingoz soilik biletea Mugiarekin ordaintzeko aukera ematen digute”
Albizuk salatu du Gipuzkoako ADIFek trenbidean 30 geltoki kudeatzen dituela eta horietako asko segurtasun eta erosotasun egoera kaxkarrean daudela. “Gipuzkoako udal eta erakunde askok bat egin dugu behin baino gehiagotan egoera hori salatzeko eta PPk berak ere aitortu du egoera horri buelta eman behar zaiola”. Hala ere Madrileko Gobernuarentzat “Gipuzkoa ez gara lehentasuna” salatu du Albizuk. Segitzen dugu ADIFeko geltokiak eta lineak berritu gabe, Eusko trenbidesarea eta ADIFean lotuko dituen aldagailurik gabe, RENFE zerbitzuak txartel bakarrean benetan integratu gabe. “Dirurik ez dagoela diote baina bien bitartean dirutza ari dira gastatzen Gipuzkoako erakunde eta udal ugarik arbuiatu duten azpiegitura batean, AHTan hain zuzen. Bitxia da gero, aho batez Gipuzkoako indar politiko guztiek, PPk berak barne, begi onez ikusten ditugun berrikuntzak egiteko ez dago dirurik. Halako adostasunik ez duen eta udal ordezkari askok arbuiatu duten AHT egiteko bai, ordea”.
Gogor salatu du Jon Albizuk Madril eta Gasteizko Gobernuen jarrera hori, “Egunerokoan erabiltzen den garraio publikoa hobetu eta sustatu beharrean, gutxi batzuen interesei mesede egiten dien azpiegitura handiak bultzatzen ditu Madridek Lakuaren babesarekin. Denon zerbitzurako hobekuntza txikiak egiteko dirurik ez eta eraikitzaile handientzako negozio eta obra faraonikoetarako badago”.
Egunerokoan eta gure ohiko beharrei erantzungo dien garraio publiko eroso eta eraginkor bat bultzatzeko eskatzen dute EH Bilduko ordezkariek, herritarrei toki batetik bestera joateko zerbitzu on bat emateko, herri eta eskualde harteko harremanak sustatzeko eta gaur egun autoz egiten diren bidaiak murrizteko.
Konkretuki hiru eragozpen aipatu ditu Jon Albizuk, batetik, RENFEren hainbat tres eta geltokien irisgarritasun falta, “geltoki batzuk ez dira irisgarriak, eta trenek izugarrizko arazoak ematen dituzte”, FEVE eta RENFE lotzeko aldagailuaren aspaldiko eskaera, “ardura ez da soilik Raxoiren gobernuarena, PSOEko Zapatero eta Patxi Lopezen gobernuek bat egin zutenean ere ez zuen ezertxo ere egin, ezta EAJk eta PPk ere Lakua edo Madriletik, nahiz eta alderdi hauek guztiek behin eta berriz aldarrikatu azpiegitura hau” eta, azkenik, RENFE txartel bakarrean integratzea.