Garcia Lurueña Kutxabankeko kontseilari ordezkari izendatu izana berehala gogor kritikatu dute bankuko sindikatu gehienek; hau da, ondoen ezagutzen dutenek, erakundeko langileek, ezbaian jartzen dute pertsona honek daukan kudeaketa gaitasuna.
Bestalde, harrigarria da Kutxabank Cabieces-Fernandez auzian erabat murgilduta dagoenean, Kotrolerako eta Barne Auditoriarako Zuzendariaren Albokoa eta Presidentzia Kabineteko Zuzendaria aukeratu izana kontseilari ordezkari kargurako.
Horrez gain, EHBildutik salatu behar dugu azken bi izendapenetan, Villalabeitiarena eta Garcia Lurueñarena, izan den ilunkeria eta gardentasun eza. Euskal Kutxak desagertu eta horiek banku fundazioak bihurtu ondoren, kontrol publiko eta soziala ezerezean geratu da. Ez dago jakiterik nola egiten diren izendapenak, nork proposatzen dituen, zeintzuk izan diren kontuan izan diren ezaugarriak eta jarri diren helburuak. Instituzioetako ordezkariak, bezeroak, langileak eta gizarte erakundeak zeuden batzar batean ematen ziren kontuak lehen, baina orain izendapenak akziodunen batzar batean egiten dira; baina batzar horietan hiru pertsonek bakarrik parte hartzen dute eta ez daukate inori azalpenak emateko obligaziorik.
Gainera, komunikabideek jasotako filtrazio baten bidez jakin ahal izan genuen Gregoria Villalabeitiaren urteko soldata 800.000 eurokoa izango dela. Baina orain badakigu ez duela lan hori egingo, horretarako izendatu baitute kontseilari ordezkaria. Komenigarria izango litzateke Kutxabankek euskal gizarteari jakinaraziko balio, eta oraingo honetan filtrazio gabe, zenbateko soldata izango duen kontseilari ordezkari berriak.
Biderik aurkitzen ez duen itsasontzia bezala jokatzen ari da aspaldian Kutxabank. Egun baten akzioak saldu nahi ditu, eta hurrengoan ez; orain presidente bat dauka, bihar beste bat izan daiteke, eta hurrengoan kontseilari ordezkari berria dauka. Baina argi dagoena da oraindik ere ez dakigula zer egin nahi duten bere arduradun politikoek (EAJ, PSE eta PP) herri honetako finantza erakunde garrantzitsuenarekin. Erabaki asko hartzen dituzte, egiaz zein erabaki hartu nahi duten ez dakitelako.
EHBIldutik, ordea, oso argi daukagu. Krisi ekonomiko eta sozial gogorra bizitzen ari gara. Hemengo instituzioek hemengo herritarren aurrezkiekin sortutako banku baten funtzioa izan behar da bizi dugun egoera gordinetik ateratzeko laguntza eskaintzea. Horretarako, bi norabidetan egin behar da lan: egoerarik zailenean dauden bezeroen eta familien ondoan egon eta, beraz, etxegabetzeak eta IRPH klausula bidegabearen erabilera geratu; eta bestetik, ekonomia errealaren eta tokiko inbertsioak bultzatu kooperatibei eta enpresa txikiei finantzazioa eskainiz. Horrenbestez, Kutxabanken etorkizunari buruz eta euskal ekonomia zein gizartearen beharra asetzeko bete behar duen funtzioari buruz eztabaida irekitzeko deia egiten deia egiten diegu finantza erakundeko arduradunei zein gizarte osoari.