Joan den igandeko hauteskundeetan Bizkaian izandako emaitzak aztertzeko agerraldia egin zuten atzo Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Asier Vegak, Maribi Ugarteburu koalizioko legebiltzarkidearekin batera.
EH Bilduk Bizkaian lortutako emaitzak aztertu ondoren, gure posizioa mapa politikoan zein den, hau da, bigarren indarra garela baino askoz haratago ulertu dugu bozka eman digutenen eta eman ez digutenen mezua, eta kontuan hartuko dugu. Bizkaiko etorkizunera begira badugu zer esanik eta zer egiterik eta ardura hori gure gain hartzen dugu.
Bi parametrotan eman dizkigute erantzuna bizkaitarrek hauteskunde hauetan. Batetik, ulertzen dugu, horrela adierazten delako botoetan, Bizkaiko aldaketa politiko eta soziala egitearen alde herritarren kopurua zabalduz doala. Gaurko Bizkaiko hauteskunde mapa ikusita, hori da bizkaitarrek nahi dutena, politika ausartak eta berriak inplantatu behar dira gero eta gehiago Bizkaiko errealitatea aldatzen joateko. Ordua da aldaketa politiko eta sozialaren aldeko ezkerreko esparrua artikulatzeko eta indartzeko. Horretan murgilduko gara etorkizunean.
Bestetik, erabakitzeko eskubidearen onartu eta defenditzen duten indarrak nagusitu dira udal eta foru hauteskunde hauetan, erabakitzeko eskubidearen aldeko hautua egiten dituzten alderdiek ordezkaritza handiagoa lortu dugu.
Honekin batera, eta hauteskundeetan EH Bilduk Euskal Herri osoan lortutako emaitzak kontuan izanik, Bizkaiaren garrantzia aintzat hartuko du EH Bilduk eta Bizkaiko hiriguneetan ere politika alternatibak gauzatu eta alternatiba politiko bezala proiektatzearen erronka hartzen dugu gure gain.
Bizkaitik Bizkaira, hemendik aurrera markatzen dugun erronkei dagokienez, eta egunotan gainontzeko herrialde zein nazional mailako gure bozeramaileek esan bezala, Bizkaian ere herrientzako aldaketarako prozesuak herritarrekin egin behar dira, eta hori izango da guretzako ardatz eta iparra eta hala egingo dugu.
Herrietan eta eskualdeetan herritarrek sustatu eta sortutako proiektuak eta erronkak bultzatuko ditugu. Zerbait agerian baldin badago, behetik gora sortzearen ezinbestekotasuna da. Horretarako, bai gure Bizkaiko taldea, EH Bilduk herrialdean zehar dituen auzo, herri eta eskualde ezberdinetako giza baliabideak herrigintzaren zerbitzura kokatuko ditugu. Bideari herritarrekin ekingo diogu, aldaketa politiko eta sozialerako gehiengoak lortzeari begira.
Horretarako, une honetatik gonbitea luzatzen dugu fronte zabal bat eraikitzeko. Gure asmoa frente zabal bat eratzeko urratsak ematea da, gaur arte EH Bilduk izan duen koalizio izaera gainditu eta Bizkaiko jendearekin mugimendu eta erreferente politiko bat sortzeko.
EH Bildu alternatibarako zabaldu den esparruan kokatzen da eta esparru horretan ere aukera berriak zabaldu dira aldaketa politiko eta soziala bultzatzeko eta indartzeko. Eskaintza politikoa jendartearen nahietara eta beharretara moldatu behar da, eta ez aldrebez. Beti ere norabidea eta helburuak argi izango ditugularik.