EH Bilduk TTIP-Ameriketako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren arteko Inbertsio eta Merkataritzarako Itunari buruzko herri kontsulta egiteko proposamena egin du Gasteizko Legebiltzarrean eta hala eskatuko dio datorren ostegunean Jaurlaritzari. Alternatibako kide eta koalizioko legebiltzarkide Oskar Matutek -Dani Maezturekin batera- azaldu dutenez, kontsulta TTIPri buruzko prozesu oso baten azken urratsa litzateke, lehenik eta behin Lakuako Gobernuak akordio horren edukiak eta ondorioak jendartean ezagutarazteko prozesu bat burutu beharko lukeelako. Europan bi milioi sinadura baino gehiago jaso dira jada TTIPren aurka eta etzi itun horri buruzko eztabaida egingo du Estrasburgoko Parlamentuak.
EH Bilduko legebiltzarkideek Estatu Batuak eta Europar Batasuna (EB) Merkataritza Libreko Itunari buruzko negoziazioa ezkutuan egiten ari direla salatu dute, akordio horrek izango dituen ondorio larriak azaldu gabe. Izan ere, TTIPk AEBren eta transnazionalen interes ekonomikoak babestea du helburu, Europako Estatuen legediak helburu nagusi horren menpe jartzeraino ere. Beraz, Matutek eta Maeztuk ohartarazi dutenez, “itun horrek herrien burujabetza galtzea dakar, lehentasuna ematen zaielako transnazionalen interesei Estatuen legedien gainetik”. Finean, “transnazionalen Estatu kolpea da pertsonen interesen kontra; demokrazia zapaltzen baita transnazionalen mesedetan”.
Horrek, azaldu dute, sekulako ondorio larriak izango ditu egunerokotasunean, TTIPk oinarrizko eskubideak urratuko dituelako, hala nola, lan eta osasun eskubideak, sozialak, ingurumen arlokoak eta abar. Beraz, akordio horrekin Ongizate Estatuak atzera egingo du eta bizi baldintzek okerrera egingo dute, ondorioztatu dute EH Bilduko legebiltzarkideek, eta horren haritik kontsultaren beharra azpimarratu dute, “herritarrek esan behar dutelako TTIPk euren bizi baldintzak hobetzea ekarriko duen edo, aldiz, hipotekatuko dituen”. EH Bilduren iritziz, kontsulta tresna egokiena da prozesu horren gaineko kontrol demokratikoa eta gardentasuna ziurtatzeko. Hortaz, gobernuei dagokie, Lakuakoari kasu honetan, “transnazionalen gerenteak izan nahi duten edo herri borondatea bermatuko duten” erabakitzea.