Alderdi jeltzaleak “berriro ere agerian hutsi du hutsaren hurrengoa dela herritarren parte-hartzearen alde egiten duen apustua”, salatu du Oskar Matute Alternatibako kide eta EHBilduko legebiltzarkideak.
EH Bilduk TTIParen inguruko eztabaida berri bat ekarri du Gasteizko legebiltzarrera. Hain zuzen, koalizioaren legez besteko proposamena eztabaidatu da ganberan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Merkataritza eta Inbertsioetarako Akordio Trasatlantikoari buruz balizko galdeketa bat egiteko. “Sekretupeko negoziazioen eta iluntasunaren aurrean, beharrezkoa da herritarrei argitasuna ematea. Hala, Jaurlaritzari eskatzen diogu 2017 urtea baino lehen informazio eta sentsibilizazio kanpainak abiatu ditzala, azken urratsa herri galdeketa izan dadin”, azaldu du Oskar Matute legebiltzarkideak.
“Prozesu horretan zuek tratatua defendatuko duzue, eta guk, aldiz, bere alderdi ilunak eta langile klaseari zein ingurumenari ekarriko dizkion kalteak aipatuko ditugu. Ideien konfrontazioaren ondoren, demokrazia parte-hartzailea praktikan jartzeko kontsulta etorriko da. Ez dago aitzakiarik horrelakorik ez egiteko, 2017 urtea arte denbora baitago eta horrelakoetan esperientzia badugulako”, argudiatu du Matutek, NATOri eta Europako Konstituzioari buruz egindako galderei erreferentzia eginez.
EH Bilduren iritziz, TTIPa “erazo zuzena da Europako herrietan ditugun langileen eskubideen, eskubide sozialen eta ingurumena babesteko eskubideen aurka”. Gainera, “estatuen subiranotasun printzipioaren aurkako esku hartze zuzena da”. “Esaterako, nahiz eta legebiltzar honek frackinga debekatzeko erabakia hartu, erabaki hori balio gabe geratu daiteke TTIParen erruz, 2013an Canadan Nafta akordioarekin gertatu den moduan”, gaineratu du.
“EAJk kongresuan jarraitutako ildo beretik jarraitu du. Madrilen Izquierda Pluralek ekimena aurkeztu zuen, herriari galdeketa egiteko gai honen harira. Orain, EAJk, berriro ere ukatu du herriari galdetzeko aukera hori. Agerian geratzen da jeltzaleek parte hartzearen alde egiten duen apustua hutsaren hurrengoa dela”, salatu du Matutek.