Frantziako Asanblada Nazionalean eginiko konferentzia baloratu nahi du EH Bilduk. Konferentzia honen garrantzia azpimarratu nahi du EH Bilduk, bai egin den lekuarengatik, bai parte hartzaileengatik, bai eta edukiengatik.
Edukiei dagokionean, honakoak nabarmendu nahi ditugu:
- ETA erakundearen armagabetze prozesua era adostu eta kontrolatuan egiteko eskaria eta horretarako Espainiako eta Frantziako gobernuen inplikazio eskaera.
- Zentzuzko epeak errespetatuz gauzatuko litzatekeen askatze prozesu batean, lehenik eta behin euskal presoen dispertsioarekin amaitzea eta gaixo diren presoak askatzea.
- Berradiskidetzea eta biktima guztien aitortza, kalte-ordaina eta asistentzia bermatzeko neurriak.
- Espainiako eta Frantziako gobernuen inplikazioa gatazkaren konponbidean.
Eduki indartsuak, zalantzarik gabe, baina konferentziak berak izan duen babesak eta oihartzunak, bereziki Frantziako estatuan, eduki horien balioa biderkatzen dute.
Konferentzian parte hartu duten lagunei dagokionean, hiru aspektu nabarmendu nahiko genituzke: Nazioarteko ordezkariek berretsiriko inplikazioa, Frantziako estatuko ordezkaritzen maila eta nola ez, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren aniztasuna, esparru politikoa ia osoa ordezkatzen duena.
Horrelako argazkia posible litzateke Hego Euskal Herrian, horrelako borondate askirik balego. Hori da EH Bilduk gainontzeko eragile politikoei luzatzen dien deia: interes partikularrak alboratu interes kolektiboa den bakearen eraikuntza lehenesteko, konponbidearen aldeko jarrera aktiboa hartuz eta bereziki, oztopoak jartzeari utziz. Hala, gizartearen gehiengo zabal batek aspaldi espero duena marraztea lortuko dugu, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izango diren etorkizuna eraikitzea.