Alternatibatik salatu egin nahi dugu Alfonso Fernandez Alfonen atxiloketa, bart Madrilen gertatutakoa. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diogu justiziaren manipulazioa eta gero eta errepresioa handiagoa jasaten ari diren guztiei, Euskal Herrian aspaldi bizi dugunarekin gero eta antzekotasun handiagoak baititu. Gazte honek lau urteko kartzela zigorra egin beharko du 2012ko azaroaren 14an eginiko greban parte hartu izanagatik, poliziaren lekukotasunean bakarrik oinarritutako salaketa izanik. Greba honek 180 lagun atxilotu, dozenaka zauritu eta salaketa ugari utzi zituen.
Alfonen atxiloketa agindu duten moduan, antzeko egoeretan dauden beste lagun batzuena gerta daiteke hemendik gutxira, esaterako, Cerredoko (Asturias) meatzariena. Ezin ahaztu, halaber, urte bereko beste greba deialdi batean parte hartzeagatik gurean atxilotu eta kartzelan dituzten Jon Telletxea eta Urtzi Martinez. Protesta kriminalizatu nahi dute, greba eskubidea delitu bihurtu, horixe da egun Espainiako Erresuman bizi den errealitate gordina. Hala da “Mozal” deritzon legea indarrean sartu baino bi aste eskasera, eskubide zibilen urraketan sakontzera datorrena. Protestarako eskubideak estatu baten demokraziaren maila adierazten badu, argi dugu Espainiak, berriz ere, suspenditzen duela.
Alfonek bere burua entregatu zuen atxilo zezatela, inguruan dozenaka lagunen elkartasuna jaso zuela, Euskal Herrian azkenaldian hainbestetan egin diren Herri harresien ereduari jarraiki, duela hilabete Gasteizen eginikoa kasu. Alternatibatik atxiloketa honengatik gure salaketa berresten dugu eta elkartasun internazionalistatik, larunbat honetan Madrilen elkarretaratzea egingo dutenekin bat gaudela adierazten dugu.