Azken egunotan, herri honetako ezker subiranistak mugarri izan diren gertaeretan parte hartu izan du. Erregimenaren gainbehera Nafarroan, arrazakeria instituzionalaren kanporatzea Gasteizen, frackingaren zein transgenikoen debekua Euskal Autonomia Erkidegoan edota etxebizitza duinerako eskubidearen aitortza. Horixe baita, herri honetako esker subiranistaren jardueraren oinarria: pertsona guztien eskubideak eta duintasuna babestea. Batzuek, alabaina, iraunarazi nahi duten gatazka politikoaren oroigarriekin bete nahi dituzte egunkarietako azalak, etekin politikoa atera nahian.
Auzitegi Gorenak atzo berretsitako epaia, Herriko Tabernak konfiskatzea eta ezker abertzaleko hainbat buruzagiren aurkako kondenak eragingo dituena – kartzelan sartu beharrik izango ez badute ere- zentzugabekeria izango litzateke benetan demokratikoa den edozein herritan, botereen arteko banaketa ematen den herrietan behintzat. Espainiako Erresumak, aldiz, bere lotsagabekeria agerian uzteko inolako arazorik ez dauka, gainbeheran dagoen erregimenaren ondorengoa dela erakusten du. Baina desagertzeari uko egiten dion bezala, bakea ere ukatzen du, errepresioa zabaldu eta justizia manipulatzen duen bitartean.
Alternatibatik uste dugu aski dela esateko garaia heldu dela; bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du onartu herriaren parte adierazgarri baten militantziak altxatutako ehun bat egoitzen espoliazioa. Estatuan aldaketaren indar direla esaten duten alderdiek ere ez, ezin dute hau onartu; ez baitira aldaketa izango baizik eta ordezkatzea epai honen moduko eskandalu juridiko baten aurrean isilik gelditzen badira. Ez dute ezer aldatuko militantzia eta disidentzia politikoa diktaduran bezala zigortzen den bitartean entzungorrarena egiten badute.
Ezkerrak ezin du zalantzarik izan bidegabekeriaren aurrean, ezin du beste aldera begiratu greba batean parte hartu izanagatik gazteak preso eraman nahi dituztenean; ez hemen ezta Madrilen ere. Horregatik, gauzak benetan aldatu nahi dituztenek elkartasun harresiak altxatzen dituzte, Gasteizen zein Vallekasen duintasun berarekin eraikitakoak. Lazgarria da azken hamarkadetan Euskal Herria estatuaren errepresioaren laborategi bilakatu izana, baina itxaropentsua da, aldi berean, hilabeteko eta 400 kilometro eskaseko tartean herritarrek modu berean erantzun izana gazte bat babesteko.
Eskumak aspaldi ekin dio “dena ETA da” leloa gure mugetatik harago zabaltzeari; asteotan ikus dezakegu nola erabiltzen duen eskura duen guztia instituzioetako nagusitasuna kendu dietenen aurka. Ikusi beharko dugu nola euskal disidentziaren kontra erabilitako neurriak haiekin ere erabiliko dituen, hasi dira dagoeneko. Horrexegatik, berriro diogu: aldaketaren indarrek erabaki beharko dute non egon nahi duten, zapalduekin edo, ostera, zapaltzaileak ordezkatzea den bere helburua; min handia eragin duen gatazka gainditzearen alde lan egin edo mina manipulatzearen bidez lurralde batasunari kosta ahala kosta eutsi nahi dioten.
Salatu egin nahi dugu, beraz, ezker abertzaleko militante zein buruzagien aurkako enegarren muntai juridiko-poliziala. Bakearekin hartutako konpromisoa, determinazioa eta apustua garesti ordaintzen ari dira, kartzelarekin askok. Gatazkak eragindako minaren ageriko aitortza egin izan dute, batzuek entzun nahi izan ez duten arren. Haiekin da gaur ere gure elkartasuna eta, aldi berean, epai honen moduko gehiegikeriengatik barkamena zeinek eta noiz eskatuko duten galdegin nahi dugu.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eta alderdi jeltzaleari eskatu nahi diegu argitzeko bidegabekeria honen kontra dauden. Hala balitz, epaiaren kontra badaude, ez dezatela haien eskumeneko polizia bidali epaia egikaritzera. Izan ere, gizartea alde izango dute justiziarik gabeko erabakien aurrean planto egitea erabakiz gero; suhiltzaileek etxegabetzeetan parte hartzeari uko egitea ontzat jotzen den bezala, gehiengoak ulertu egingo du Ertzaintzak bere herriaren kontrako espoliazioan parte ez hartzea.