“Gurasoak banantzean zaintza partekatua legez lehenetsi ordez, banan-banako konponbideak bilatu behar dira, betiere haurren interes gorena babesteko”, dio Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduko legeitzarkideak. “Lege honek ez ditu sustatuko ez gizon-emakumeen erantzunkidetasuna, ez berdintasuna”, ohartarazi du.
EH Bilduk zaintza partekatuari buruzko legearen aurkako bozka eman du gaur, EAJk, PPk eta UPyDk adostutako proiektuak zaintza partekatua lehentasunezko arau nagusi gisa ezartzen duelako gurasoak banandu eta seme-alaben zaintzaren inguruan ados jartzen ez direnean. Diana Urreak azaldu duenez, “lege horrekin epaileek zaintza partekatua lehenetsi beharko dute gurasoen arteko desadostasuna dagoenean; EH Bilduk, ordea, uste du legeak ez duela zaintza mota bat besteen gainetik ipini behar, kasu bakoitza aztertu eta banan-banako konponbideak bilatu behar direlako, betiere haurren ongizatea bermatzeko, horixe baita legeak babestu behar duen interes gorena”.
Seme-alaben zaintza eta etxeko lanak oraindik emakumeen ardura dira nagusiki, gogorarazi du Urreak, eta horren haritik argitu du EH Bildurentzat ere zaintza partekatua lortu beharreko helburua dela, “baina haurrak jaiotzen diren unetik bertatik. Gaur onartu den legeak, aldiz, ez du neurri bat ere planteatzen helburu hori gauzatzeko, arreta osoa gurasoen banantze-unean jartzen baitu, eta hori ez da abiapuntua; erantzunkidetasuna eta zaintza partekatua haurrak jaiotzen diren unetik jarri behar ditugu praktikan, eta ez bakarrik gurasoen banantze-unean”. Beraz, ondorioztatu du, “lege honek ez ditu sustatuko ez gizon-emakumeen erantzunkidetasuna, ez berdintasuna. Berdintasuna ez da zaintza partekatua sustatzearen bidetik lortuko; berdintasuna izango da haurrak jaiotzen diren unetik bertatik aurrera zaintzan eta arretan erantzunkidetasuna baldin badago”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gaur onartutako lege proposamenaren oinarrian dagoen ideologia kritikatu du, “emakumeak banantze-prozesuetan onuradun gisa hartzen dituelako, gizonen ondoan irabazle ateratzen direla iradokitzen baita”. Horrek, Diana Urrearen iritziz, “patriarkatuaren ideologiari erantzuten dio eta, azken finean, gizon-emakumeen arteko botere harremanak ukatzeaz gainera, mundua alderantziz aurkezten digu, emakumeak onuradunak balira bezala”.