EH Bilduk hurrengo egunotan Euskal Herrian Greziako Herriaren alde eta Austeritatearen kontra deituriko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditu hiritarrak.
Baldintzarik gabeko babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu herri greziarrari bere duintasunaren, irtenbide nazionalaren eta sozialaren alde eta Troika inposatzen ari den tutoretza neokolonialistaren kontra egiten diharduen borrokan.
Europako gobernuei eta erakundeei eskatzen diegu Greziarekiko duten politika bidegabeari amaiera emateko eta, aldi berean, Greziako gobernuak Troikaren presioen aurrean herriari galdetzeaz hartutako erabakia txalotzen dugu.
Euskal Herrian, gaur bertan Iruñean (18:00etan Udaletxe plazan) eta Igandean Bilbon (Arriagan 12:30ean) deituriko mobilizazioetan parte hartzera eta Greziako herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzera deitzen ditugu herritarrak.
Herriok Erabaki!
EH Bildu