Joan den astean gure Bilboko egoitza berria ireki genuen lagunartean ospatutako ekitaldi txiki batekin. Denbora luzea eman digun arren, azkenean badugu prest (edo ia prest, ikusiko oraindik baditugu kable batzuk eskegita) ezkerraren eraldaketarako lagungarria izango den espazioa.
Aurten 7 urte beteko dira Alternatiba jaio zenetik, eta hasieratik bilatu izan du ezkerraren elkarlana sustatzea, kolpatzen gaituzten zapalkuntza guztiei aurre egiteko. Horregatik, lantoki ez ezik, toki hau elkargune izatea nahi dugu. Ideiak partekatu, ekintzak prestatu… Greziako ezezkoarengatik edota berton izaterik ez dutenengatik topa egin, Periko Solabarria kasu… Guzti horretarako ateak zabalik izango dituzte eragile sozial, sindikal zein politiko ezkertiarrek.