Lehenego eta behin, EH Bilduk Greziako herria zoriondu nahi du, Troikak indarrean jarritako beldurraren eta xantaiaren aurrean ez zirelako kikildu eta euren iritzia modu libre eta demokratikoan adierazi zutelako atzo egindako erreferendumean. Era berean, Greziako Gobernua eta Syriza ere zoriondu nahi ditugu, herritarrek euren etorkizunaren inguruan erabakitzeko duten eskubidea onartu eta egikaritzeagatik.
Atzo Grezian egindako erreferendumean Troikak inposatu nahi dituen neurri eta politika ankerrei ezezko borobila eman izana berri ona da Greziarentzat, Europarentzat eta, noski, Euskal Herriarentzat. Merkatuen diktadura eta austerizidioa pairatzen duten Europako hegoaldeko herri guztiei garaipena eman diete Greziako herritarrek. Izan ere, azken urteetan Europan Troikak ezarri eta inposatu dituen politika neoliberalei atea ixteko bidea ireki da. Hau da, bestelako oinarrien gainean eraikitako Europa eraikitzeko bidea eman duelako; demokrazian, justizia sozialean eta herritarren eskubideetan oinarritutako Herrien Europa eraikitzea posible da. Greziako erreferendumean herriek irabazi dute eta Troikak galdu du, eta Euskal Herriari dagokionean, gure herrian Troikaren politika desegoki eta ankerrak sutsuko defendatu dituzten PNV, PP eta PSE izan dira galtzaileak.
Atzo Grezian asko zuten jokoan greziarrek: edo herri oso baten ekonomia itotzen duen ereduarekin jarraitzea edo itxaropenerako garaia ekarri dezakeen horma erraldoia eraisten hastea. Eta greziarrek bigarren aukeraren alde egin zuten atzo, euren eredu sozioekonomikoa erabakitzeko eskubidea eta berauen herriaren burujabetza defendatzea erabaki zutelako.
Greziako Herritarrek emandako ezezkoak Europar eta finantza Instituzioak euren jarrera berrikustera eraman beharko lituzke. Urteetan bultzatu duten austeritate politika ankerrak Grezia krisialdi humanitariora eraman dute eta negoziaketetan izandako jarrerak, erantzun argi eta ozena jaso du. Grezia ez dago inongo aginte demokratikorik ez duen Troikaren agindurik hartzeko prest. Atzo Grezian gertatutakoa demokraziaren eta herri oso baten duintasunaren garaipen handia izan zen.
Gogoratu beharra dago negoziaketetan Greziako Gobernuak egindako proposamenen aurrean (diru-sarrerak handituko lituzketen neurriak, zerga-iruzurraren kontrako neurriak adibidez) Troikak murrizketa berriak eta austeritate gehiago baino ez dituela proposatu . Europarako eskaintzen zaizkigun bi ereduen adierazgarri.
EH Bilduk dei zuzena egiten die Europar Batzordeari eta Europako Banku Zentralari, mehatxu eta inposizioen politika utzi eta Greziako Gobernuak proposaturiko neurriak onartu ditzaten. Izan ere, Greziako Gobernuaren mandatua berretsi du erreferendumak, eta justizia sozialaren eta herrien Europaren aldeko bozka eman du Greziako Herriak.
Greziako herriak eta gobernuak jarrera eredugarria izan dute prozesu honetan. Ez dira makurtu Troikak egin nahi zien xantaiaren aurrean, mehatxupean bada ere erreferendum bidez eta herritar ororen iritziak aintzat hartuta erabaki dute zein izan behar den euren norabidea eta zer nolako oinarri demokratiko eta ekonomikoekin eraiki nahi duten euren herria eta gai izan dira herrien eta herritarren eskubideetan eta demokrazian oinarritutako alternatiba politiko eta sozial sendo eta eraginkorra eraikitzeko. Grezian posible dena Euskal Herrian ere posible izan beharko litzateke, eta herritarren egunerokoa baldintzatzen duten neurri eta politika neoliberalei bestelako erantzun bateratua garatzeko eta eraikitzeko gai izan beharko ginateke Euskal Herrian ere bai.