“Begoña Salinasen irteerarekin aro bat amaituko da, eta erakundearen egokitasuna berraztertzeko une aproposa dela uste dugu”, adierazi du Alba Fatuarte zinegotzi eta Alternatibako kideak. Fundazioaren patronatuak hurrengo asteartean egingo duen ohiz kanpoko bileran EH Bilduk izango duen jarrera aurreratu du Fatuartek: “Ezezko botoa emango dugu arduradun berriak izendatzeko atalean. Josune Ariztondoren kasua PNVren kolokazio politikaren enegarren kasua da”.
2000 urtean, Bilbao 700 Fundazioa helburu zehatz batekin sortu zen: Bilbo Hiribilduaren sorreraren 700. urtemuga ospatzeko hainbat kultur ekitaldi antolatzea, alegia. Harez geroztik 15 urte igarota, EH Bilduko Udal Taldeko kideok fundazio honen egokitasuna zalantzan jartzen dugu, eta hala adieraziko dugu datorren asteartean, uztailaren 14an izango den Bilbao 700 – III Millenium Fundazioaren Patronatuak egingo duen ez ohiko batzarrean.
Bertan, arduren izendapen berriak egingo dira eta joan den astean ‘El Correo’ egunkariak argitaratu zuenez, Josune Ariztondo kultura diputatu ohia, Bilbao 700 Fundazioaren zuzendari izendatua izango da. Begoña Salinasen zuzendaritzaren amaierak ziklo aldaketa argi bat suposatzen du eta horregatik uste dugu momentu egokia dela hausnarketa bat zabaltzeko. Bilbao 700 Fundazioaren helburuak, funtzioak, eraginkortasuna eta egitura berrikusteko unea orain da. EH Bilduk uste du erakunde honek dagoeneko bete egin dituela sorreran markaturiko helburuak, patronatuaren bileretan behin eta berriro esan dugunez.
Bilbao 700 Fundazioaren beharra zalantzan jartzeko beste arrazoietako bat, egun Udal gobernuak duen tamaina erraldoia da: 17 zinegotzik osatutako Udal Gobernu bat gai izango beharko litzateke Bilbao 700 Fundazioak urtean antolatzen dituen 7 egitasmoak bere gain hartzeko (Musika-Música, Bilbao Ars Sacrum, Gau Zuria, Balearen Klejira, Flamenco Jaialdia, Gabonetako Kontzertua eta 365Jazzbilbao). Gainera, kultura saileko langileek soilik euren gaitasun eta meritua kontuan hartu dituen hautaketa prozesu baten ondorioz lortu dute euren lanpostua; eta ez alderdi politiko baten karneta izateagatik, Josune Ariztondoren kasuan bezala. Izan ere, Ariztondo anderearena PNVren “kolokazio” politikaren enegarren kasua dugu.
Gogoratu behar dugu egun 3.500.000 eurotik gorakoa dela Bilbao 700 Fundazioaren aurrekontua; eta horietatik 3.100.000 euro baino gehiago zuzenean Udalaren poltsikotik ateratzen dira. EH Bilduren ustez, neurrigabeko aurrekontua duen fundazio bat da Bilbao 700 eta bere funtzioak Kultura Sailak zuzenean kudeatu ahal izango lituzke, administrazioaren baliabideak xahutu gabe eta zentzugabeko bikoiztasunak ekidinez.
Guzti honengatik, ezezko bozka emango dugu datorren astearteko fundazioaren Patronatuaren ez ohiko batzarrean, eta Bilbao 700 Fundazioaren ardurak Kultura Sailak bere gain hartzea eskatuko dugu.