Alternatiko ordezkari eta EH Bilduko legebiltzarkide Diana Urrearen parte-hartzea Gasteizko Parlamentuan Zaintza Partekatuaren lege berriaren inguruan. Orain dela pare bat aste lege hau PNV, PP eta UPDren botoekin onartu zen EAEn:
Legebiltzarrean eginiko hitzartzea:
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako guraso bananduen elkarteak, Kidetzak, ekarri du eztabaida gurera, gurasoak banantzean eta haurren zaintzaren inguruan ados jartzen ez direnean erabaki judizialak gidatzen dituen legea aldatzea proposatuz. Zaintza partekatuaren aldeko ekimen gisa aurkeztu dute lege-aldaketa, gizon-emakumeen arteko erantzunkidetasuna sustatuko lukeena, emakumeentzat askatzailea, nolabait. Sozialki, diskurtso-mailan, oso onartuta dauden kontzeptuak erabili dituzte, azken finean.
Berdintasunaren inguruan asko predikatzen da baina ez da hainbeste praktikatzen, ordea. Gaur egun haurren zaintza partekatua gehiago da helburu desiragarri bat errealitatea baino. Etxeko lanek eta haurren zaintzak emakumeen ardura izaten jarraitzen dute nagusiki; emakumeak dira haurrak zaintzeko lanaldia murrizten dutenak (%93) eta eszedentziak hartzen dituztenak (%95). Gehienok, hortaz, ondo ikasi dugu berdintasunaren aldeko diskurtsoa baina praktikak ez ditugu hainbeste aldatu. Haurren zaintza partekatua helburu bat da guretzat; hala izatea nahi dugu haurrak jaiotzen diren unetik; eta horrek aldaketa sakonak eskatzen dizkigu. Lagunduko luke gurasotasun-baimenak parekatzeak eta gizonen lanaldi-murrizketak eta eszedentziak sustatzeak, besteak beste.
Eskuartean daukagun lege-aldaketa honetan, ordea, ez da honelako neurriez hitz egiten, gurasoen banantze-unean jartzen baita arreta. Eta arazoa da gurasoak banantzen diren unea ez dela abiapuntua. Erantzunkidetasuna eta haurren zaintza partekatua haurrak jaiotzen diren unetik jarri behar ditugu praktikan.
Zaintza partekatuaren banderapean aurkeztu diguten legea aldatzeko proposamena ez da, hortaz, gizon-emakumeen erantzunkidetasuna sustatzeko lege bat; baina ¿hala izan beharko luke? Guk argi dugu gurasoak banantzen direnean eta haien artean haurren zaintzarekin nola jarraitu adosten ez dutenean, epaitegietan gailendu beharreko irizpideak haurren ongizatea babestea behar duela izan.
Zaintza-mota edozein delarik ere, zaintza arduratsua bermatu behar da, haurrak ondo zainduta egongo direla ziurtatu. Horregatik, lege honek babestu behar duena haurren ongizatea eta interes gorena delako, lege hau ezin da ulertu berdintasun-politika bat bezala. Horretarako bestelako politikak egin behar dira, lehen aipatu bezala, sakoneko aldaketa sozialak ekar ditzaketenak.
Existitzen al da konponbide idealik? Guk uste dugu ezetz. Haurren ongizatea babestu behar bada, ezin da zaintza-mota bat besteen gainetik jarri, konponbide indibidualizatuak bilatzea eskatzen duelako. Aukera guztiak jarri behar dira mahai gainean, kasu bakoitza aztertu eta haur bakoitzarentzat egokiena izango den konponbidearen alde egin. Kasu batzuetan izango da zaintza partekatua eta beste batzuetan ez.
Zaintza partekatuaren izenburupean aurkeztutako proposamen honek pertsona ezagun askoren babesa jaso du baita milaka herritarren sinadurak ere. Proposamena aurkeztu dutelako ez den gauza bat bezala: haurren zaintza partekatuaren aldeko proposamena, gizon-emakumeen erantzunkidetasuna bultzatuko duena. Proposamena mozorrotu dute sozialki desiragarria zaigun aldarrikapen batekin. Bestetik, proposamenaren oinarrian dagoen ideologia oso barneratuta daukagu eta onarpen sozial zabala dauka oraindik ere: emakumeak banantze-prozesuen onuradun gisa ikusten ditugu, pobrezia-datuek kontrakoa adierazten badute ere, gizonaren ondoan irabazle ateratzen direnak, gizonak “larrutzen” dituztenak eta, gizonak, berriz, emakumeen gezurren eta manipulazioen biktimak.
Patriarkatuaren ideologiari erantzuten dio, azken finean, eta gizon-emakumeen arteko botere-harremanak ukatzeaz gainera, mundua alderantziz aurkezten digu, emakumeak onuradunak balira bezala.