EH Bilduk autokontsumo elektrikoa arautzen duen dekretu-proiektua atzera botatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, ekainean aurkeztu zuen zirriborro hori autokontsumo elektrikoaren aurkako eraso zuzena delako eta, hortaz, energia berriztagarrien garapenaren kontra ere doalako. Dani Maeztuk azaldu duenez, “autokontsumoa mugatzeak ondorio garrantzitsuak ditu. Adibidez, argiaren fakturan aurreztea galarazten du, enplegu kualifikatua sortzeko aukera mugatzen du eta EAEn ingurumen arloko konpromisoak betetzea zailtzen du”. Gainera, “dekretu-proiektuak talka egiten du Europar Batasunean eta Estatuan bertan indarrean dauden araudiekin”, erantsi du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Gaur bertan Madrilen, Kongresuan, oposizioko alderdiek eta sindikatu eta elkarte ugarik autokontsumo energetikoaren aldeko konpromisoa berretsi dute eta dekretu-proiektua bertan behera gera dadila eskatu diote Rajoyren Gobernuari. Gasteizko Legebiltzarrean ere EH Bildu antzeko adierazpen bat aho batez egiten saiatu da. Zehazki, adierazpen instituzionala onartzea proposatu zuen ekaineko azken osoko bilkuran. Adostasuna ia erabatekoa izan zen, baina PPk Parlamentua Rajoyren dekretu-proiektuaren kontra agertzea galarazi zuen.
EH Bildu