Bihar Donostian egingo den “Kulturari eta politikari aterik ez itxi!” lelopeko maniFESTAzioan parte-hartzeko deialdia luzatzen du EH Bilduk.
35/02 auziko sententziak hainbat lagun zigortu eta 107 herriko taberna eta elkarteren itxiera eta konfiskazioa agindu du. Biharko mobilizazioan, epaia salatu eta herriko taberna eta elkarte kulturalek libre behar dutela aldarrikatuko da.
EH Bilduk bat egiten du era berean manifestazioaren deitzaleek aurkezturiko “Eskubide zibil eta politikoen aldeko donostiarron adierazpena” delakoaren edukiekin. Adierazpen hau Donostiako udalbatzara eraman zuen EH Bilduk.
EH Bilduren iritziz, eskubide urraketa larria izateaz gain, gatazka politikoaren konponbiderako Euskal Herrian emaniko urratsen aurkakoa ere bada sententzia, gatazka egoera betikotzea nahi dutenen neurrira idatzirikoa.