EH Bilduren agerraldia atzo Donostian, Alternatibako militanteen presentziarekin Gipuzkoako batzarkidea den Jon Albizu haien artean, koalizioaren konpromisua eraso sexisten kontra eta beren jarrera politikoa azpimarratzeko azken asteotan eman diren eraso sexisten aurrean.
Udara hasieran Gozo Goza Jaiak kanpaina aurkeztu genuenean Barañaingo jaietako eraso sexista azkena izan behar zuela aipatu genuen. Horrez geroztik, ugariak izan dira jai ezberdinetan izandako erasoak; Baionan, Gasteizen, Azpeitian, Getxon…
Desagertzetik urrun geure jendartean errotuta dagoen biolentzia matxista honek, aurpegi ugari ditu, tartean eraso fisiko eta sexualak, baina ekonomikoak eta hitzezkoak ere badaudelarik.
Horregatik diogu biolentzia matxistari aurre egiteko, bizitzaren esparru orotan berdintasunezko harremanak oinarri izango dituen jendartearen eraldaketa ezinbestekoa dela.
Eta zentzu honetan diogu, biolentzia ez litzatekeela gauzatu ahalko, baldin eta onartzen eta posible egiten duen jendarteratze mekanismoak egongo ez balira; hainbatetan biolentzia kontziente edo inkontzienteki arrazoitutzat, beharrezkotzat edo saihets ezinezkotzat jotzen baita. Eta honela, erlijioak, hizkuntzak, komunikabideak, familiak eta hezkuntzak biolentzia egonkortu dadin, jendarteratze mekanismoen eragile bilakatzen dira.
Horregatik, emakumeok biolentzia matxistarik gabeko bizitza libreak bizi ahal izateko, burutu beharreko lan eta estrategiek ondorengo urratsetan behar dute izan oinarri:
- Biolentzia matxistari aurre egiteko garaian, emakume eta gizonen arteko bazterkeria estrukturalaren kontrako lanketa hartu oinarri.
- Biolentzia modu anitz eta ugariak bistaratu, biolentzia horiek gauzatzen diren espazio ugariak agerian uztearekin batera.
- Baztertzaileak diren adierazpen eta gauzapen kulturalei aurre egin, eta biolentzia matxistaren eragiletzat jo halakotzat hartuak ez baina badiren fenomeno sozio-kultural eta sinbolikoak, hauen bitartez ematen baita gehienetan biolentzia matxistaren legitimazioa.
- Agerian utzi, prebentzio lana egin eta emango bada aurre egin, beste biolentzia matxista moduei, transfobia, lesbofobia edo homofobiaren modukoei.
- Biolentzia matxistaren aurrean gizonek duten protagonismoa eta jarrera hartzeak aztertzera bultzatu: erasoa zer den eta zer ez den identifikatzeko dituzten arazoak, emakumezkoekin eraikitzen dituzten harremanak, balizko jardunbide matxisten aurreko beraien jarrera, edo eraso matxista baten aurrean har lezaketen jarrera pasiboa erasoa babestu ez arren.
- Prebentzioa ezinbesteko elementutzat hartu, berdintasuna oinarri izango duten harremanak sortu eta eraikitzeko garaian, hezkuntza formal eta ez formalean eragin beharko dugularik.
Honengatik guztiagatik, honako konpromisoa hartzen du bere eguneroko jardun politiko, sozial eta instituzionalean EH Bilduk:
- Berdintasun esparruko politikekiko konpromisoa mantendu eta egonkortu, berdintasun politikak garatzeko behar diren baliabide ekonomiko eta humanoak indartuz.
- Ekintza eta jarrera matxisten aurrean, prebentzio eta salaketarako eragile aktibo izan.
- Abian jarri, hedatu edo indartu, emakumeen parte hartze ekitatiboa ahalbideratzen dituzten jai edo jardun sinbolikoak, bai eta gainerako espazio sozio-kulturalak ere.
- Emakumeen enpoderamendua bultzatzen duten gune komunak sortu edota indartu, behar adina baliabiderekin eta sare lana sustatuz, enpoderamendu eskolak edo emakumeen etxeen modukoak.
Ez ezetz da eta indarkeriarik gabeko jai guneak eta bizitzak nahi ditugu!!!!