Bihar 12:00etan Abusun izango da Leire Rodriguezen hilketa salatzeko lehen elkarretaratzea, Bilboko Udalak eta Arrigorriagakoak deituta.
Azken orduetan jakin denez, bikotekide ohiak hil zuen Leire Rodriguez Arrigorriagako emakumea, autoarekin harrapatuta. Ez zen beraz, auto istripu bat izan, baizik indarkeria matxista kasu bat. Hala, ezeren aurretik, elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu Leire Rodriguezen senide eta hurkoei.
Halaber, salatzen dugu hilketa matxista oro emakumeok bizi dugun desoreka eta menpekotasun estrukturalaren ondorio direla, maiz instituzio askotako politika publikoetan hauspo eta aterpe aurkitzen duen sistema patriarkalaren ondorio, hain zuzen.
Horrenbestez, instituzioei eta zehazki Bilboko Udalari beste behin galdegiten diegu emakumeak ahalduntzeko eta maila guztietan haien posizioa indartzeko berdintasun politika eraldatzaileak abian jartzeko. Indarkeria matxistaren aurka, ez dira zilegi arazoaren muinari heltzen ez dioten erantzun epel eta zatikatuak, orain artean Bilboko Udalak emanikoak bezalakoak. Behar-beharrezkoak dira politika ausartez lagunduriko erantzun irmo eta zabalak, emakumeen ahalduntzean oinarriturikoak.
Hala, herritarrei dei egiten diegu eraso eta hilketa matxisten aurrean erantzutera, eta Leire Rodriguezen hilketa matxista salatzeko mugimendu feministak zein eragile desberdinek datozen orduetan deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzera.
Elkartasuna eta salaketa dira erasotzaileak estutzeko eta indarkeria matxista gelditzeko tresna eraginkorrenetarikoak.