Urtero bezala Espainiar Estatuko gobernuak EAEn duen delegatuak Euskal Herriko festetan jarri du begirada, herritarrek hartutako erabaki eta antolatutako ekitaldiak erasotuz. Biktimen duintasuna aitzakia hartuta, Urkijok proiektu baten inposizioa eta Euskal Herriak behin eta berriz ukatu dion protagonismo politikoa lortu nahi du.
Ez da biktimen duintasuna bermatzen batzuk alde batera utzita; guztien onarpen eta aitortzak bakarrik egiten dio justizia biktimen duintasunari, eta ondorioz gobernuko delegatuaren jarrera sektario eta mendekariak biktimen duintasuna zuzenean erasotzen du, are gehiago biktimei egin daitekeen eraso bortitzena hauen mina alderdikeria eta helburu elektoralekin erabiltzea da.
Espainiar Estatuko gobernuaren delegatuak, gobernuak berak egiten duen bezala, Euskal Herriko gizartea hain konprometituta dagoen adiskidetze eta elkarbizitza prozesuari trabak jarri baino ez du egiten eta horretarako edozein aukera baliatzen du. Bere jarrera zital eta mendekariak interes elektorala zekenak baina ez ditu atzean, porrot egin duen Estatu eredu zaharkitu baten inposizioa azken finean.
Estatuko gobernuaren mendeku gosearen adibide garbiena kartzela politikan dago, presoei, bereziki gaixoei, oinarrizko eskubideak ukatuz. Asko gara Euskal Herrian herritar guztien eskubideak errespetatzea eskatzen dugunok, bereziki gaixotasun bat pairatzen duten presoena, eta uda garaian ere ez dugu alde batera uzten. Horregatik, bihar, abuztuak 28, Bilboko Plaza eliptikoan egingo den manifestaldian izango gara, gaixorik dauden preso guztien kaleratzea eskatzeko.
EH Bilduk garbi du protesta eta manifestazioa oinarrizko eskubide zibilak direla eta ezin direla PPk dituen interesen arabera urratu eta, gaur egun, Urkijo eta epaile batzuk ilegalizazio, debeku eta eskubideen urraketekin hori bermatzen dute.
Euskal Herriko gizarteak adiskidetzea nahi du, bazterketarik gabe biktima guztien onarpena eta erreparazioa nahi ditu. Pertsona guztien giza eskubideen errespetua eskatzen du, baita preso daudenena ere, eta ez Partidu Popularrak egin nahi duen bezala, alde bakarreko memoria faltsu bat inposatu herri honetako errealitate ezberdinak ahaztuz. Euskal Herriak ez du Madrilen esku sartzerik nahi, eta ez du behar kazike lanak egingo dituen gobernu delegaturik. Horregatik eta beharrezkoa ez delako, zaharkitua dagoelako eta inposatua delako, gobernuko delegatuaren figura desagertzea eskatzen dugu. Madrilgo gobernuari eta indar politiko guztiei dei egiten diegu, bazterketa eta inposiziorik gabe, bake prozesu, adiskidetze, normalizazio eta elkarbizitzarekin konpromisoa har dezaten.