Bigarren mundo gerratik hona izan den pertsonen joan-etorri masiboa handiena gertatzen ari da Europan. Milaka pertsona dira gerratik, heriotzatik eta miseriatik ihes egiten ari direnak. Era horretara, ACNURen arabera pertsona horien %80k asiloa eskatzeko baldintzak betetzen dituzte, gatazka egoeran dauden Iraken, Sirian edo Afganistanen dutelako jatorria.
Ceuta eta Melillan eta Gurugu menduan pertsona migranteek bizi dituzten baldintzak salatu zituen bere egunean EH Bilduk, eta Jon Iñarritu Kongresuko ordezkaria bertaratu zen hara lehen eskutik ezagutzeko zer gertatzen ari zen; gauza bera egin zuen Josu Juaristi europarlamentariak joan den ekainean, Lampedusara egindako bidaian.
EH Bilduren iritziz, kasu hauetan eta aurtengo udan Europako Batasuna izaten ari den jarreraez da inolaz ere onargarria. Asilo politika bateratua ez daukala erakusteaz gainera, Batasuneko agintari politiko batzuen aldetik jarrera xenofoboak eta arrazistak bultzatzeko joera nabarmendu da.
Mariano Rajoyren gobernuaren jarrerada Europako instituzioek duten jarrera ankerraren beste adibide bat. Izan ere, Espainiako estatuak 2.000 pertsona inguru har ditzakeela esan du, estatu horrek 40 milioi biztanletik gora dituenean.
EH Bilduk uste du Europako Batasunak eta bere barnean dauden estatuek eta horiek erantzun bat eman behar dietela heriotzatik eta ihesetik ihes egiten ari diren eta beren etorkizuna bakean oinarritu nahi duten milaka eta milaka pertsona horiei. Giza eskubideak babestea eta betetzea ez da exijentzia horren oinarri bakarra. Ez baitugu ahaztu behar Europaren eta bere kideen nazioarteko politikak eragin zuzena daukala pertsona horien jatorrizko herrien egoeran; Europak eta bere aliatuek pertsonen eskubideei baino garrantzia handiagoa eman diote arlo edo interes ekonomikoei eta geopolitikoei.
Gaur egun, Mugagabeko Medikuak bezalako gobernuz kanpoko erakundeak dira Europak egiten ez duen lana egiten dutenak. Jaso diren asilo eskaerak oso txikiak dira horren atzean dagoen arazoaren tamainarekin alderatzen badugu edota Europak daukan maila ekonomiaren neurria eta biztanle kopurua kontuan hartzen bada.
Arazo humanitarioen aurrean konponbide polizialak jartzeari uzteko exijitzen die EH Bilduk Europako Batasunari eta Espainiako estatuari; era berean, giza eskubideen aitortzan eta errespetuan daukaten jarrera zekena alboratzeko eskatzen die.
Horrez gain, Euskal Herriko erakundeei, parlamentuetan hasi eta udaletaraino, drama honen aurrean jarrera aktiboa izateko eskatzen diegu, pertsona migratzaile, exiliatu edo errefuxiatuentzako gune ireki bezala izendatuz. Zentzu horretan, hainbat ekimen aurkeztuko ditugu hurrengo egunetan.
Pertsona bat bera ere ez da ilegala