Euren jaioterrietan pairatzen dituzten gerrak, goseteak, pobrezia… atzean uzteko ihesean Europara iristen saiatzen diren pertsonen egoera dramatikoa da aspaldiko partez, eta EH Bilduk hala salatu du behin baino gehiagotan. Egunotan, ordea, Europa osoa lotsatu beharko lukeen tragedia hori neurri eta muga guztiak gainditzen ari da eta ezinbestekoa da Europar Batasunera iritsitako errefuxiatuei asilo ematea, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak agindu bezala.
Hori dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa pertsona errefuxiatuen aterpe-lurralde izendatu ditzala eta pertsona horiei arreta egokia eskaintzeko behar diren baliabide guztiak bideratu ditzala eskatzeko. Milaka lagunen bizitza jokoan dago eta, ondorioz, EH Bilduk presazko tratamendua eman nahi dio bere proposamenari; horretarako, Erregelamenduak ematen dion aukera baliatuz, Osoko Bilkura deitzeko ere galdegin du, ekimen hori 15 egun igaro aurretik eztabaidatu ahal izateko.
Afrika eta Asiatik ihesean ateratzen diren etorkinen asilo eskubidea azpimarratu du EH Bilduk, bai eta pertsona horien jaioterrietan bizi den egoeran Europar Batasunak duen ardura ere. Hori dela eta, asilo eta babes politika berria eskatu dio Europar Batasunari, “betiere gisa eskubideen errespetua oinarri hartuko duena”, zehaztu du Diana Urrea Alternatibako kide eta EH Bilduko legebiltzarkideak.
Urreak azaldu duenez, “ezinbestekoa da errefuxiatuen aferari Euskal Herritik ere berehala ekimena hartzea eta hitzetatik ekintzetara pasatzea”. Horren haritik, EH Bilduren proposamenak eskari zehatzak egiten dizkio Jaurlaritzari, lehenik eta behin, “Euskal Autonomia Erkidegoa errefuxiatuen aterpe-lurralde izendatu dezala eta horretarako behar diren baliabide guztiak bideratu ditzala, pertsonen asilo eta aterpe emate alorrean lan egiten duten erakundeekin elkarlanean”.
Halaber, ahalik eta arinen erakunde horiekin eta alkateekin batera EAEk jaso dezakeen errefuxiatu kopurua zehaztu dezala eskatu dio EH Bilduk Lakuari, horren ostean espainiar Gobernuari kopuru hori jakinarazteko. Eta azkenik, euskal herritar askok eskainitako laguntza bideratzeko, zerbitzu bat sortzea proposatu du, laguntza guztiak koordinatzeko.