Cegasako langileak ez dituela defendatu leporatu dio EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari. Izan ere, irekita du Cegasak Lan Erregulazio Espediente bat eta segur aski 250 langile kalean geratuko dira. Baina Arabako Foru Aldundia prozesu honetako partaidea da Konkurtso Administratzailea baita eta lan hori azpikontratatu zuen. Baina Lan Ikuskaritzak egindako txosten baten arabera, fede txarrez aritu da eta iluntasunez betatako prozesua burutu du.
Hau dena ikusita, izendatutako Konkurtso Administratzailea aldatzea eta epaitegietan lan erregulazio espedienteari buruzko epaia eman aurretik berriz kontsultetarako epea zabaltzea eskatu dio EH Bilduk Arabako Foru Ahaldun Nagusiari. “Arabako Foru Aldundiak bere egin beharrak alde batera utzi ditu eta Araban enplegua defendatzeko interesik ez du adierazi. Bestela, Lan Ikuskaritzak egindako txostena ezagutu bezain pronto LEE bertan behera uzteko eskaera egingo lioke enpresari edo ordezko bat bilatuko luke”, azpimarratu du Luis Salgadok, Alternatibako kide eta Arabako Biltzar Nagusietako EH Bilduko biltzarkideak.
Hau guztia argitzeko asmoz, Arabako Ahaldun Nagusiari zuzendutako interpelazioa aurkeztu du EH Bilduk. Segur aski, urrian egingo den lehen kontrol osoko bilkuran jorratuko da. Bertan, Lan Ikuskaritzaren txostenaren berri ote zuen jakin nahi du EH Bilduk. Era berean, Aldundiak izendatutako Konkurtso administratzailerekin izan duen bileraren bat argitu nahi du EH Bilduk.