Hondarribiko alardearen bezperan, Alternatibako bozeramaile Alba Fatuartek gatazkan ardura duten instituzioei – Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari – gogorarazi nahi izan die “emakumeen beren herriko jaietan parekidetasunez parte hartzea eragotzi zein oztopatzea ere, indarkeria matxistaren baitan dagoela, urteko gainerako egunetan salatzen duten indarkeriaren baitan beraz”.
Hala, eraso sexista ugari izan dituen udan, alderdi ezkertiarretik salatu dutenez, “PSOE eta PNVko ordezkariak erasoak salatzeko elkarretaratzeetan lehen ilaran jarri nahi izan direla, bi alderdi hauek alkatetzan diren Irun eta Hondarribiko alardeetan, herri horietako emakumeen eskubideak urratzen dituzten jokamoldeak babesten eta sustatu ere egiten dituzte”. Deitoratu egin du, halaber, “udal ordezkaritzan aritzen direnek alarde baztertzaileari harrera egitea parekideari bizkarra ematen dioten bitartean”. Jokaera honek “20 urtez luzatu den gatazka iraunarazten du eta herritarren zati batek pairatzen duen indarkeria matxistari zilegitasuna ematen dio”.
Horregatik, Fatuartek eskatu du “tradizioen aitzaki ustelak amai daitezela, instituzioek arazoa konpontzeko gaitasuna eta beharra dutelako”, izan ere, antzeko egoerak gainditu izan dira Donostia, Tolosa, Zumarraga edo Bera bezalako udalerrietan, “borondate politikoa baino ez da falta, agerikoa denez”. Deitoratu du, alabaina, Gipuzkoako foru gobernu berriaren jarrera “atzerapausoa baita bihar utziko duen hutsunea, aldiz, aurreko urteetan Bilduren gobernuko kideek ezbairik gabe eta bertatik bertara babestu izan dute alarde parekidea”.
Hala, koalizioak izango duen ordezkaritza zabalaren baitan, Alternatibako kide ugari izango dira ere bihar Hondarribian Jaizkibel konpainia babesteko. Besteak beste, Diana Urrea legebiltzarkidea, Ander Rodriguez Politika Sozialeko diputatu ohia eta Joan Albizu batzarkidea bertaratuko dira. Itxaropena dute “ahalik eta lasterren, alarde bakarra, parekidea eta bazterketarik gabekoa lortuko” dela.