Guztira, 5 ekimena aurkeztu ditu EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean alardeen harira. Berez, koalizioaren helburua da bai ganbera bera eta baita Jaurlaritzak Irun eta Hondarribiko alarde parekideen aldeko jarrera hartzea eta bazterketaren aurka agertzea. Ekimenetako bateko testuan azaltzen den moduan, “jada bi hamarkada igaro dira emakume talde batek alarde tradizionalean parte hartzen saiatu zirenetik, arrakastarik gabe”. “Egun hartatatik, alardeetan berdintasunez parte hartzea defendatzen dutenen aurkako zirikatze mailak fase ezberdinak izan dute, eta agerian da oraindik arazoa ez dela konpondu”, azaldu du Diana Urrea ekimeneko sinatzaile eta Alternatibako kideak.
Ildo horretatik, “erakunde publikoei exijitzen diegu matxismoa babesten utz dezatela, eta aktiboki lan egin dezatela emakumeek bakarra izan beharko lukeen alardean parte hartzeko, alegia, gizonezkoek duten eskubide berdinak izateko”. “Erakundeen helburu nagusia izan beharko litzateke alarde bakarra egotea, alarde parekidea, emakumeek eta gizonek osotua”, gaineratu du Urreak.
Horretarako, EH Bilduk Gasteizen ordezkaritza duten alderdiei eskatuko die aurkeztutako bi legez besteko proposamenen alde agertzea. Lehenengoak ganberak Hondarribiko eta Irungo alarde parekideen alde adierazpena egitea nahi du, Berdintasun legea oinarri hartuta. Bigarren ekimenak Segurtasun sailari eskari zuzena egiten dio: Hondarribiko alardean, alarde baztertzaileko emakumeek erakusten dituzten plastiko beltzak erretiratzea. “Momentua da, urrats sendoa eta zintzoa emateko berdintasunaren alde”.
Horrez gain, Urreak bi agerraldi eskatu ditu gaia jorratzeko:
- Manu Lezeortua (Arartekoa)
- Estefania Beltran de Heredia (Segurtasun sailburua)
Era berean, EH Bilduk galdera egingo dio Urkullu lehendakariari gobernuaren kontrolerako hurrengo bilkuran.