Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile eta Alternatibako kideak Bilbon egindako agerraldian azaldu du EH Bilduk prozesu parte-hartzailea jarriko duela abian, Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetara zein modutara eta zein zerrenda kiderekin aurkeztuko den militanteek erabaki dezaten. Matutek azpimarratu duenez, “prozesu parte-hartzaile eta gardena izango da, behetik gora gauzatuko dena”. Gaineratu duenez, “EH Bilduko militantziak erabakiguneak izatea eta erabakiak izatea da gure helburua, eta hurrengo egunetan abian jarriko dugun prozesura barne demokrazian sakontzeko lehen urratsa da”, agertu du.
Matutek gogorarazi duenez, joan den uztailean EH Bilduko bozeramaileek aurreratu zuten irailean erantzungo ziela hauteskunde orokorretan aldaketa politiko eta sozialaren alde lanean diharduten indar politikoei zerrenda bateratua osatzeko EHUko irakasle talde batek egindako eskaintzari. “Gainera, erabaki hori EH Bilduren militanteek hartuko zutela argi utzi genuen. Heldu da iraila, eta gure oinarriek erabaki hori hartzeko prozedura parte-hartzaile eta gardena abian jartzera goaz”.
Era horretara, hurrengo irailaren 16tik 24ra herri batzarrak egingo dira Hego Euskal Herriko udalerri guztietan, eta bertara deituak izango dira udalerri horretako EH Bilduko militante guztiak. Prozedura honetan ez dira aintzat hartuko herri batzar osoarekin erabakiak, baizik eta militante bakoitzak emandako botoa izango da kontuan, eta zenbaketa orokorra egingo da.
Baina ez da hori izango EH Bilduko oinarriek hauteskunde orokorrei begira hartu beharko duten erabaki bakarra. Urriaren 16tik 30ra herri batzarrak deituko dira berriro, kasu honetan Kongresurako eta Senaturako barruti bakoitzeko zerrendaburuak aukeratzeko.
Matutek azpimarratu duenez, “prozesu parte-hartzaile eta garden hau abian jarrita, zintzoak eta koherenteak izan nahi dugu herritarrei erabaki ahalmena emateko gure irizpidearekin. EH Bilduko militantziak erabakiak hartzeko guneak behar dituela uste dugu, eta hurrengo asteetan abian jarriko dugun ekimena bide horretan emango dugun lehen urratsa izango da”.