Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak eta Diana Urrea EH Bildu zein Alternatibako kideak eta Kolonbiako nazioarteko bake foroko partaideak agerraldia egin dute Kolonbian lortu duten bakerako akordioaren irakurketa egiteko. Arraizek eta Urreak Kolonbiako herria zoriondu dute, bakea ekarriko duen oinarriak ezartzeko gai izan direlako.
Kolonbiar-euskalduna izanik, “hunkituta” dagoela adierazi du Urreak. “Zorionak eman behar dizkiot Kolonbiako herriari, baina, batez ere, nirea bezalako milaka eta milaka familiei, etorkizun hobeago baten bila Kolonbiatik joan behar izan zuten familiei. Urrunetik bada ere, gatazka armatua amaitzen ari dela eta justizia sozialean oinarritutako bakea eraikitzeko lehen urratsa eman dela ikusten ari dira”.
“Kontrako interes asko egon arren, Kolonbian erakutsi dute bakea lortzea posible dela”, esan du Urreak. “Zoragarria litzateke Kolonbian bizitzen ari diren momentu historiko hau, guk ere Euskal Herrian etorkizun hurbil batean bizi ahal izatea, eta lortuko dugu”.
Arraizek, bere aldetik, adierazi duenez, “aldi baterako justizia ezartzeko eta 6 hilabeteko epean bakea erdiesteko Kolonbiako Gobernuak eta FARCek nazioarteko begiradapean erdietsi duten akordioaren edukietan sartu barik, Kolonbia behin betirako bakerako bidean jartzeko eraman duten prozedura eta irmotasuna eredugarriak dira”.
“Lehendabizi, zeuden zauriei begiratu gabe, gai izan dira alde guztiak mahai baten bueltan esertzeko. Gero, bidean izan diren oztopo guztiak gainditzeko gai izan dira. Eta amaitzeko, bi aldeak gai izan dira eskuzabaltasun osoz jokatzeko helburu baten bila: bakea”, nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak.
“Inork ez du esaten gatazkak gainditzea erraza denik”, gaineratu du. “Jakitun gara bidean gaindiezinak diruditen mendiak aurkitzen direla, hangoek eta hemengoek prozesua zangotrabatzeko ahaleginak eta bi egingo dituztela… Euskal Herrian beste inon baino hobeto dakigu hori. Baina borondatea dagoenean, determinazio osoz jokatzen denean, eta alde guztiak eskuzabal jokatzeko heldutasuna dutenean, helburuak lortzen dira. Eta behin betiko bakea lortzen da”.
Bestalde, Espainiako Gobernuaren jarrera “hipokrita” salatu du Arraizek, Kolonbiako bake prozesua babesten duelako, Euskal Herriko “zapuztu nahian” ari den bitartean. “Kolonbiako ispiluan begiratu beharrean, Espainiako Gobernuak eta PPk nahiago izan dute Euskal Herriko gatazkari errendimendu politikoa eta elektorala atera. Baina Kolonbiako bidea eta eredua hain da argigarria nazioarte mailan, Madrilgo gobernuak jendaurrean babestu behar izan zuela Kolonbiako bake prozesua. Hau da, Kolonbiarako balio duenak eta ona denak, Euskal Herriarentzat ez du balio. Hipokresia handiagorik?”.
EH Bilduko bozeramailearen esanetan, “Euskal Herrian, Kolonbian egin duten bezala, gai izan behar gara bakea lortzeko erantzukizunak eskatzen duen mailan aritzeko. Erantzukizunez, tinkotasunez eta herri gisa jokatu behar dugu. Herri gisa dauden helburu guztiak bezala, bakea eta elkarbizitza egunero eraikitzen dira, egunero ematen ditugun urratsen bidez. Ondo dakigu hori Euskal Herrian, eta determinazio eta borondate osoz jarraitu behar dugu gure helburuaren bila. Bidean topatzen ditugun oztopo eta zangotraba guztien gainetik jauzi eginda”.
“Euskal gizarteak behin betiko bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna irudikatzen du, eta horra heldu nahi du. Kolonbiako herriak lortu duen bezala”, azpimarratu du.
Bakea eta elkarbizitza egunero hartzen diren erabakien bidez eraikitzen dela adierazi du, eta “herri gisa” jokatuz. Era horretara, urriaren 3an ‘Bakea, Erabakia’ lelopean egingo den manifestazioa horretarako aukera paregabea dela agertu du. “Bakean bizi nahi duen eta elkarbizitza eraiki nahi duen herri oso bat dagoela erakutsi behar dugu, erantzukizun eta determinazio osoz jokatzen duena. Horrela bakarrik lortuko dugu bidean aurkitzen ari garen oztopo guztiak gainditzea eta gure helburua erdiestea: bakea”.