Alternatibak Kataluniako herria zoriondu du igandeko bozetan emandako emaitzengatik eta, bereziki, Candidatura d’Unitat Popular CUPen hautagaitzak lortutakoak nabarmendu ditu. Diana Urrea, Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak eginiko hausnarketak abiapuntu, hauteskunde hauen esanahiaz aritu da, “prozesu eratzaileak atzera egiterik ez duela agerian utzi du, herri oso baten borondatea gelditzerik ez dagoela, Madriletik zuzendutako beldurraren kanpainari aurre egitea lortu baitute”.
Alderdi ezkertiarrak, 2012ko bozetan zein aurtengoetan CUPeri babes osoa agertu zionak, alderdi honen papera zein emaitzak, 336.000 boto baino gehiago eta 10 eserleku, azpimarratu ditu. Antonio Baños hautagai zuen alderdiak, Alternatibak bezala, “eraikuntza nazionala eta eraikuntza soziala batera jorratu behar direla eta jorratu daitezkeela defendatu du”. Horregatik, Urreak ziurtatu duenez, “burujabetza aldarrikatzen dute dena aldatzeko eta ez bakarrik bandera jakin bat”.
Ildo horretan, Koordinakunde Nazionalak CUPen koherentzia txalotu du, prozesu eragilea izenen gainetik babesten jarraitzen dutelako, “herriak bultzatutako prozesua baita, non inor ez den ezinbestekoa; ezin da beraz pertsona jakin batzuekin lotu”. Hala esan du Junts pel Si hautagaitzaren presidentziarako hautagai Artur Masen inguruan, CUPek esan baitu ez dutela babestuko, kanpainan esan duten bezala, alegia.
Edozein kasutan, Alternatibatik elkartasuna adierazi nahi izan diete iazko azaroaren 9an Katalunian eginiko galdeketaren harira inputatu dituzten hiru lagunei -Joana Ortega, Irene Rigau eta Artur Mas berari-. Herritarrei hitza emateagatik zigorrak ezarri nahi izatea “estatuko erregimenaren egoeraren adierazgarri da, Kataluniako herria nazio gisa bere burua eraikitzen duen erritmo berean desegiten ari dena”.
Espainiako ohiko bipartidismoa gainbeheran dagoela erakutsi dute emaitzek, PPren eta PSOEren artean legebiltzarraren %20 baino ez baitute lortu, “Kataluniako herriaren ahotsa ukatu nahi dutenek gero eta babes txikiagoa dute”. Urreak, hala ere, PPren aldean eskuin bigun gisa agertzen den eskumaren gorakadaz ohartarazi du, Ciudadanos hizpide, herrien burujabetzari dagozkion gaietan are arriskutsuagoak izan daitezkeelako”.
Azkenik, ohartarazi egin du “ezker estatalistaren erdibideko diskurtsoak porrot egin duela” eta deialdia egin dio “erabateko burujabetzaren alde dauden Kataluniako gehiengo herritarren mugimendu desobeditzailearekin bat egin” dezala.