Joseba Barriola – Alternatiba
Duela aste bete ikusi nuen Diario Vascon Eneko Goia Donostiako alkatearen argazki bat. Eskola batean zegoen, argazkirako lerrotan jarritako ikasle multzo baten erdian, zutik.
Lagun batekin nengoen. Laguna, kasualitatez, Eneko Goia sei urteko haurraren irakaslea izandakoa zen Amarako Ikasbide ikastolan. Frankoren azken urtea zen. 1974-1975. Irakasleak honela gogoratu zidan ordukoa:
“Sartzen ginenean eskolan korroan jartzen ginen, mahaiak aparte jarrita, eta erdian musika-tresnak zeuden. Hasiera, egurrekin, kastañuelekin, flautekin… erritmoak eta musika egitea zen. Gero gauzak kontatu. Askotan ateratzen nuen Zakilixuten komikiak eta haiekin farra egin, hizkuntza landu, giroa sortzen genuen. Ikasleak maite nituen, oso harreman gozoa genuela uste dut. Ni, orduan, maitemindua, ikastoletan zegoen pedagogi arloko eraldaketa gogoa, frankismoaren aurkako mugimenduaren gorakada, euskararen goratze ikaragarria… kontent ibiltzen nintzen. Nahi gabe ere, pedagogi molde berriekin gustora. Sei urteko ikasleekin antzerkia egiten, kantatzen, ipuinak kontatzen. Garcia Lorcaren “En la noche negra de los caballeros” kanta erakutsi nien: hain den metafora fantastikoez betea!
Nire pedagogia moldea eta nire pentsakera ez ziren nonbait Enekoren aitaren gustokoak. Urte bete pasa eta Eneko Ikasbidetik atera zuten. Geroztik ez dut inoiz ikusi. Orain alkatea da. Zein bide hartuko duen? Borobilaren, sormenaren, askatasunaren bidea edota ezarrita dagoenarekiko morrontza etsituaren bidea?”.
Eskertu nion Enekoren irakasle izandakoari esandakoa eta karta batean publikatzeko modukoa zela iritzi nuen.