Gure kide eta EH Bilduko bozeramaile Oskar Matutek adierazi du lan dinamika jarriko dutela abian eragile sozialen eta herritarren iritzia jasotzeko asmoarekin, horrela, Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztuko dena “herri oso baten” lege-proposamena izan dadin
Oskar Matutek egindako agerraldi baten bidez iragarri duenez, Herritarrak Ahalduntzeko Legea hurrengo larunbatean aurkeztuko dute, Portugaleten egingo den ekitaldi baten bidez. Goizeko 10:30etatik aurrera, lan bilera egingo du EH Bilduk eragile sozialekin, legearen edukiak aurkezteko eta haien ekarpenak jasotzeko helburuarekin.
Matutek esan duenez, “herritarrak ahalduntzearen gaian ekarpenenen bat egin dezaketela uste duten eragile eta pertsona guztiak gonbidatzen ditugu Portugaleteko El Solar plazan egingo dugun ekitaldira. Era horretara bakarrik joan ahal izango gara pertsonak jarduera eta erabaki politikoen erdigunean izango diren etorkizun berri eta ilusionagarri bat eraikitzen”.
EH Bilduk hurrengo azaroaren 4an erregistratuko du legea Gasteizen, eta ordura arte, lan dinamika jarriko du abian, eragile sozialen eta herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko helburuarekin. “Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztuko den lege proposamena herri oso batena izatea nahi dugu, ez bakarrik EH Bildurena”.
Oskar Matutek gogoratu du badirela gure herrian herritarren ahalduntzearen gaia modu praktikoan lantzen ari diren mugimendu sozialak; hala nola, frackingaren aurkakoa, pentsiodunena, abortuaren aurkakoa, etab. “Bultzatzen dugun legearen helburua da herri honetako gizon eta emakumeek egunerokoan eragiten dien edozein gairen inguruko informazioa jasotzea, eztabaidatzea eta azkenean erabakitzea. Eta hori guztia berme demokratiko guztiekin egin ahal izatea”.
Matutek azpimarratu du 2016.a erabakien urtea izango dela. “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek beraien etorkizuna erabakitzea nahi dugu; bai arlo politikoan, ekonomikoan edota sozialean. Eta hori 2016tik aurrera gertatzeko helburua daukagu. Bizi dugun paralisi egoeran beste batzuk hartzen dituzte euskal herritarrei eragiten diguten gaien gaineko erabakiak. Atera egin behar gara, ibili, gure erabakiak hartzen joateko eta herri heldua garela erakusteko”.
Herri honen etorkizun politikoa erabakitzea baino askoz gehiago dela legea esan du Matutek. “Herri honetan 200.000tik gora pertsona langabe bizi dira; gazteen langabezia tasa %40tik gorakoa da, eta Europako handienetakoa da; lan prekarietatearen ondorioz, gazte askok atzerrira joan behar dute etorkizun hobeago baten bila; pobrezia tasak gero eta larriagoak dira… Emergentzia sozial egoeran gaude, eta gizarte guztiak bat egitea behar dugu egoera honi aurre egiteko. Gizarte oso batek neurriak eta erabakiak hartu behar ditu, egoera honetatik ateratzeko. Herritarrak Ahalduntzeko Legearen bitartez herri honetako gizon eta emakumeek erabakiko dute etxegabetzeak egin behar diren edo ez, pertsonak edo bankuak erreskatatu behar diren edota azpiegitura handiak edo eskubide sozialak babestu behar diren”.