EH Bilduk herritarrak eta eragileak elkartu ditu Portugaleteko El Solar plazan, Legebiltzarrean erregistratuko duen Herritarrak Ahalduntzeko Legearen edukiak azaldu eta haiekin eztabaidatzeko. Hurrengo azaroaren 4an erregistratuko du legea Legebiltzarrean, baina aurretik gaurkoa bezalako eztabaidarako eta ekarpenak jasotzeko lan-tailerrak egingo ditu Donostian eta Gasteizen. Oskar Matute eta Rebeka Ubera EH Bilduko bozeramaileek azaldu dutenez, “ez dugu gure legea bakarrik izatea nahi, herri oso baten legea izango da Legebiltzarrean aurkeztuko duguna”.
EH Bilduko bozeramaileek azpimarratu dutenez, “erabakiak hartzeko unea da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek erabakiko dute zein izan behar den bere egitura politikoa, euskal lurraldeen arteko harremana edota Espainiako estatuarekiko harremana zein izan behar den. Baina ez hori bakarrik. Beraien egunerokoan zerikusia duten beste edozein arlotako erabakiak ere herritarren esku geratuko direla esan dute Matutek eta Uberak.
“Herritarrek erabakiko dute zein izan behar den gure eredu politikoa, baina eredu ekonomikoa eta soziala zein izan behar den ere erabakiko dute. Herritarrek erabakiko dute bankuak lagunduko diren edo etxebagabetzeak egingo diren; herritarrek erabakiko dute bizi dugun emergentzia sozial egoera honetatik ateratzeko neurririk eraginkorrenak zeintzuk diren edota zeintzuk sektore izan behar diren laguntza handiena jasoko dutenak; hezkuntza edota osasun sistema nola egituratuko den…”. Hori irudikatzeko, hain zuzen, erabaki du EH Bilduk Bizkaiko Ezkerraldean egitea legearen aurkezpen publikoa.
Erabaki horiek guztiak berme demokratiko guztiekin hartuko direla ahalbidetuko duen tresna Herritarrak Ahalduntzeko Legea dela esan dute Matutek eta Uberak. “Herritarrak beren buruen jabe dira eta hori praktikara eramatea nahi dugu. Herritarrak jarduera politikoaren erdigunean jarriko ditugu, beraiek izan daitezen herri honen etorkizun politikoa, ekonomikoa eta soziala erabakien bidez eraikiko dutenak”.