Aurreko astean Santutxun egindako kanpaina sexista salatu zuen Alternatibako kide eta EHBilduko zinegotzi Alba Fatuartek. Kanpaina bertan behera geratu da.
Joan den astean Santutxuko merkataritza sustatzeko kanpaina sexista baten berri izan genuen. Irudian maniki itxurako hainbat emakume agertzen ziren. Arropa erostea ardura bakarra duen pertsona bat bezala irudikatzen zuten emakumea. Oso larritzat jo genuen horrelako kanpaina bat abiaraztea eta salatu egin genuen.
Hala ere, are larriagoa iruditu zitzaigun kanpaina horrek Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuela jakiteak. Izan ere, Berdintasun Legea betearazi behar duenak ezin ditu horrelako iragarkiak babestu.
Salaketa horren ondorioz kanpaina bertan behera uztea erabaki dute. Horretaz gain, ematen dituzten diru-laguntza guztietan berdintasunarekin zerikusia duten klausulak indartuko dituzte.