EH Bilduk Estatuko hauteskundeei begira zabaldu zuen prozesuaren lehen fasea amaitu ondoren, gaur bertan bigarren faseari ekingo zaio. Orain arte egin diren batzarretan Amaiurrek egindako lana eta beste indar politikoekin konfluentziarako aukerak baloratzeaz gain, hautagaien zerrendak osatzeko izen proposamenak jaso dira. Gaurtik aurrera, herriz herri egingo diren batzarretan EH Bilduk aurkeztuko dituen hautagaien zerrendak erabakiko dira.
Prozesuaren nondik norakoak azaltzeko, agerraldia egin dute Alternatibako kide eta Gasteizko legebiltzarkide Oskar Matutek, Nekane Perez EH Bilduko bozeramailearekin batera. “Hasieratik nahi izan dugu prozesua zabala, parte-hartzailea eta gardena izatea, alderdien eremua gaindituz eta EH Bilduren proiektuarekiko hurbiltasuna edota adostasuna sentitzen duen orori parte hartzeko aukera emanez. Prozesuaren hiru ezaugarri horiek izango dira, azken finean, aurrera begira EH Bildu herri honek behar duen aldaketa politiko eta soziala bultzatzeko gizartearen zerbitzura egongo den interbentzioa politikorako tresna bilakatzeko oinarrizko zutabeak”, adierazi dute.
Bigarren fase honetan, urriaren 30a arte zabalduko dena, EH Bilduko oinarriek Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak aukeratuko dituzte, batzarretan proposatutako izenen artean. Beraz, batzarretan parte hartuko dutenen esku geratuko da EH Bilduren ordezkariak izendatzea.
“Prozesu parte hartzaile eta garden hau abian jarrita, zintzoak eta koherenteak izan nahi dugu herritarrei erabaki ahalmen emateko gure irizpidearekin. EH Bilduko oinarriek erabakiak hartzeko guneak behar dituztela uste dugu, eta aste hauetan abian jarri dugun ekimena bide horretan ematen dugun lehen urratsa da”, esan dute Matutek eta Perezek.
Hautaketa prozesuari dagokionez, nominala izango da; beraz, izen bakoitzari emandako botoak zenbatuko dira. Eta horrekin batera, eta parekotasuna bermatzeko, batzarretan gizon bat eta emakume bat bozkatu beharko dira. Behin batzarrak amaituta, urriaren 31n, agerraldi publikoan iragarriko ditugu prozesuaren emaitza eta EH Bilduk Kongresu eta Senaturako aurkeztuko dituen zerrendaburuak.
EH Bilduk “gogoz eta arduraz” ekingo dio estatuko hauteskundeei, agertu dute Matutek eta Perezek. “Oso argi dugu egoerak, bai Euskal Herrian bai estatuan, euskal gizartearen gehiengo zabal baten aldarrikapen politiko eta sozialei konpromiso eta ekintza zehatzekin erantzungo dien interbentzio argia eta irmoa eskatzen duela”.
Benetako demokraziaren aldarrikapena, aldaketa politiko eta sozialaren beharra inoiz baino nabarmenagoa dela gizartean azpimarratu dute. “Zentzu horretan, EH Bilduren presentzia funtsezkoa izango da bakea, demokrazia eta normalizazioarako eszenatokiak eraikitzeko eta indartzeko. Baina ez bakarrik hori; aldarrikatzen dugu aldaketa politiko eta sozialean herri honen aitortza eta erabakitzeko eskubidearen onarpena bermatu beharko dira”.