Ekialde Hurbileko gatazkaren areagotzea kezka arrazoia da eta bakearen aldeko jarrera aktiboa eskatzen du.
Urriaren lehenengo hamabostaldian 30 palestinar baino gehiago hil dira eta ehundaka zauritu -horietako hainbat larriki-, eta 10 israeldar izan dira era berean, bizitza galdu dutenak.
Akzio-erreakzioan oinarritutako eskalada berri eta arriskutsu batean aurrean gaude berriro ere, eta beti bezala, biktimen gehiengoa zibilak dira.
Al-Aqsa Mezkitara sartzeko sarrera eta ordutegi mugek, Gazako erasoek, lurraldeen kolonizazio iraunkor eta itogarriak eta kolonoak eta soldaduak herritar palestinarren aurka darabilten inpunitateak geroz eta eszenatoki lehergarriagoa sortzen ari dira.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) berak onartzen duenez, 2020. urtean Gaza ez da bizitzeko moduko lurraldea izango. Urteetako setio eta blokeoaren ostean, ordea, dagoeneko egoera arnastezina ez ote den galdetu behar da. Hala, gehiago itxaron gabe, gazako herritarrek bizi duten dramari lehenbailehen irtenbidea eman behar zaio.
Ezinbestekoa da distentsioa bilatzea eta nazioarteko legediaren betetzea. Era berean, aurrez egina dugu gisan, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du Estatu Palestinarra onartzea, jakinda errekonozimendu horrek ondorio erangikorrak izan ditzan ezinbestekoa dela nazioarteko komunitateak okupazioaren amaiera behartzea.
Okupazioa, espetxea, erbestea, atxiloketak, bortxazko kanporatzeak, tortura eta beste hainbat opresio moduk denbora gehiegi iraun dute dagoeneko Palestinan, ia 70 urte. NBE ren fundaziotik gaur egun arte agendan iraun duen auzi bakarra dela gogoratzearekin nahikoa da.
Marwam Bargoutik, espetxetik, duela gutxi ongi esan zuen gisan “Palestinarrei esan zitzaien bitarteko baketsuez eta bide diplomatikoez baliatuz gero okupazioari amaiera jartzeko nazioarteko komunitatearen babesa jasoko zutela. Eta aldiz, nazioarteko komunitatea ez da gai izan nazioarteko zuzenbidea eta NBE ren ebazpenak aplikatzeko nazioarteko egitura bat abiarazteko; ezta kontuen eskatzea posible egiten duten neurri eraginkorrak aplikatzeko ere.”
Era berean, Marwan Bargoutik “okupazioaren azken eguna bakearen lehenengoa” izango dela adierazi zuen.
EH Bildu gisa bakearen bila irrikaz dihardutenak, Palestinan gisan Euskal Herrian, okupazioaren amaiera eta Estatu Palestinarra errealitate egiteko premisa hori bete dadin gure konpromisoa indartu behar dugu
EH Bilduk Palestinarekiko elkartasuna areagotzeko konpromisoa berresten du, Estatu Palestinarraren errekonozimenduaren aldeko esfortzuei eta nazioarteko araudia betetzeko ekarpena egiteko.
Justizia auzia delako, Ekialde Hurbilean bake justua eta iraunkorra lortzea horren baitan dagoelako: Zisjordaniaren okupazioari berehala amaiera ematea eta Gazaren blokeoa altxatzea aldarrikatzen ditugu.