EH Bilduko Udal Taldeak EAJ eta PSEk Uribarriko Gure Etxea bizilagun elkarteari ezarritako betoa salatu du. Elkarte horrek ekimen bat aurkeztu du urriko Udalbatzak jorratu dezan. Gobernua osatzen duten alderdi biek bidea eten diote herritarren ekimen horri.
Erabaki harrigarria kontuan izanda ezezkoa beste ekimen bat onartu ostean gertatu baita. Izan ere, Iradokizun eta Erreklamazioen Batzordeak aho batez onartu du beste ekimen bat. Hain zuzen ere, Kaleratzerik Ez! desjabetzeen aurkako plataformak aurkeztutakoa.
Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak uste du EAJ eta PSEk “batean kale, bestean bale” jarrerari eusten diotela. “Beto honek erakusten du gobernuaren hitzaren balio eza. Aurreko ostiralean parte hartzeari buruz esandako guztia ezerezean geratu da. Horrelako jarrerarekin EAJk eta PSEk herritarren parte hartzea mespresatzen dutela erakutsi dute”.
EH Bilduk berriz ere argi uzten du herritarrek egindako proposamen guztiak Udalbatzan eztabaidatuak eta bozkatuak izan behar direla, inolako salbuespenik gabe.