Emakumeen duintasunaren aurkako estereotipo sexistak sustatzen dituzten hainbat publizitate kanpaina Bilbao Ekintzak diruz lagunduta egotea salatu eta, egoera hori errepikatu ez dadin, zenbait proposamen aurkeztu ditu Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek.
Astebeteko epean, EH Bilduko udal taldeak izaera sexista duten bi publizitate kanpaina salatu behar izan ditu, biak Bilboko Udalak diruz lagunduta, Bilbao Ekintzaren bidez.
Bi kanpaina hauetan argi azalarazten da publizitatean gehien erabilitako estereotipoetako bat: Emakume Modeloarena, alegia. “Emakume hau objektu eder baten itxurapean aurkezten digute, bere ardura bakarra polita izan eta bere burua nabarmentzea delarik. Iragarki hauetan emakumeen balore intelektualak ukatu egiten dira soilik bere itxura fisikoarekin arduratuta dagoenaren irudia sustatuz. Iragarki hauek sinestarazi nahi dute gizartean arrakasta izateko emakumea ederra izan behar dela. Ez dezagun ahaztu horrelako mezuek gazteengan osasun psikiko eta fisiko ugari eragiten dituztela. Horra, adibidez, anorexia edo bulimia. Horretaz gain, irudi hori errealitatetik urrun dago eta emakumeekiko errespetu falta itzela azaleratzen dute”, salatu du Alba Fatuarte zinegotziak.
“EH Bilduk Santutxu Stock kanpaina salatu ostean, hau bertan behera geratu zen. Egun gutxira Bilbao Shopping Night kanpainaren berri izan genuen eta gure salaketaren harira antolatzaileei Begira Dekalogoa igorri zitzaien mezu elektroniko bitartez. Kasu honetan kanpainari eutsi zioten. Horrek agerian uzten du egoerak erantzun integral bat eskatzen duela”, gaineratu du Fatuartek.
EH Bilduk beti defendatuko du gure hiriaren merkatari txikien jarduera sustatzeko kanpainak diruz laguntzeko beharra, baina inoiz ez kanpaina horiek estereotipo sexistetan oinarritzen badira. Izan ere, Berdintasun Legea betearazi behar duenak ezin die horrelako kanpainei sostengurik eman.
Guzti honengatik uste dugu arazo honi eman beharreko erantzuna, ez dela soilik kontrolaren bidetik etorriko: pedagogia, azterketa eta jarraipen lanetik baizik. Soilik horrela ziurtatu ahal izango dugu emakumeen duintasunaren aurka doazen publizitate kanpaina sexistarik berriro ez argitaratzea.
Ildo horretatik abiatuta, mozioa aurkeztu dugu, urriaren 29an izango den Udalbatzarrean eztabaidatu dadin. Proposamenean gobernu batzordeari agintzen diogu Udalak diruz lagundutako publizitate kanpainen jarraipen eta analisia gauzatzeko lan plangintza bat abian jartzea eta hauetan sexismoaren erabilera antzemateko eta eragozteko tresnak artikulatzea. Bestetik, iragarki hauen kudeaketaz arduratuko diren entitate eta enpresei zuzendutako aholkularitza programa bat martxan jartzea proposatzen da. Azkenik, publizitate sexistarekin zerikusia duten salaketak jasotzeko tresnak abian jartzea ere berebizikoa dela uste dugu. Proposamen eta neurri guzti hauen helburua estereotipo sexistak sustatzen dituzten kanpainak edota emakumeen duintasunaren aurkako irudiak diru publikoz ez ordaintzea da.