EH Bilduk datorren urteko aurrekontuei eman nahi dien izaera soziala zehaztu du gaur eta horretarako, besteak beste, Etxez Etxeko Laguntza zerbitzua berreskuratzea, bi urteetan egoitzetan 250 plaza gehiago sortzea menpekotasun legeari lotuta dauden balorazioak egiteko 15 lanpostu gehiago eskaintzea, zaintzaileentzako “arnas” plazak handitzea eta gutxienez egun bete gabe dauden 342 lanpostuak egonkortzeko Enplegu Eskaintza Publikoa egitea planteatu du.
EH Bilduren bozeramaileak azaldu duen bezala, azken legealdietan gizarte zerbitzuen sailak murrizketak pairatu ditu etengabe. “Herrialde honetako politika soziala aldatu nahi dugu eta horretarako azken aurreko legealdietan PPk eta EAJk aplikatu zituzten politikak itzultzen hasi beharko gara”, esan du Luis Salgado Alternatibako kide eta EHBildu Arabako biltzarkideak. Zentzu horretan, Zerbitzu Sozialen legea abiapuntua izan behar dela zehaztu du, batez ere, orain bete beharreko minimoak zehazten dituzten mapa eta zerbitzuen kartera eginda daudelako.
Etxeko zaintzen politikak hobesteko, EH Bilduk kopagoa ezabatzea eta 1.000 eurotik beherako errententzako kentzea; arreta moduluak aldatzea 21 orduetara helduz eta egun dauden beste prestazioekin sinergiak bilatzea planteatzen du. Menpekotasunari dagokionez, balorazioak egiten dituen zerbitzuan 15 lanpostu gehiago sortzea proposatu du epeak murrizteko eta zerbitzua deszentralizatzeko asmoz egun soilik Gasteizen eskaintzen delako.
“Baina adinekoak, menpekotasunak dituztenak edo bazterketan erortzeko arriskuan dauden pertsonak zaintzea garrantzitsua bada, zaintzaileei arreta eskaintzea ere oso inportantea da. Horretarako arnas plazak handitu (gutxienez %15ean) eta langileen lan baldintzak hobetu behar dira eremu publiko zein pribatuan”, aurreratu du Salgadok. Gutxienez egun bete gabe dauden 342 lanpostuak egonkortzeko Enplegu Eskaintza Publikoa egin behar da eta zuzeneko arreta ematen duten langileei lan egutegia murriztu. Era berean, azpi kontratatua dauden langileen lan baldintzak hobetu behar dira eta egun indarrean dagoen hitzarmena aplikatzeko 800.000 euroko diru partida sortzea proposatu du.
Bestalde, EH Bilduk berdintasuna zerbitzu bat izatetik zeharkako politika izatera pasa behar dela defendatu du eta hori garatzeko 14 teknikari behar direla zehaztu du, sailen zein kuadrillen betebeharrei erantzuteko. Aniztasunari dagokionez, PPren politikaren ondorioz gizarte apurketara eta xenofobiara eraman duen bidean atzera egin behar da. Xenofobia eta islamofobiaren aurkako kanpaina bat egitea premiazkoa eta zurrumurruen aurkako agenteak martxan jarri behar dira. Azkenik, kooperazioa aipatu du Salgadok. Orain guztiok Siria begira gaude eta errefuxiatuei behin behineko soluzioa eman nahi diete. Baina horrelako errefuxiatuen olatuak saihesteko jatorrikoz herrialdeetan lan egin behar da eta horretarako kooperazioak aurrekontu duina behar du.