Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuarteren hitzartzea azken udalbatzan indarkeria matxistaren harira eta udal gobernuak haren kontra egiteko borondate faltaren inguruan.
Udalberrik proposatuta eraso matxistei nola aurre egin galderaren inguruan eztabaidatu dugu gaurko Osoko Bilkuran. Udalbatzan entzundakoa oso interesgarria eta beharrezkoa izan da, baina EH Bildurentzat are garrantzitsuagoa plan eta helburu haiek aurrekontu partida zehatzetara eta egutegi konkretu batera lotuta egotea, plan hauek kajoi batean ahaztuta gelditu ez daitezen.
Adibide bat ematearren, uste dugu oso argigarria dela 2010ean landutako Hiri debekatuaren Maparen kasua. 2012an EH Bildutik Mapa hori burutzeko plangintza bat eskatu genuenean, hau da, planean agertzen ziren ondorioak eta gomendioak aplikatzeko egutegi batera lotutako baliabideak zehaztea eskatu genuenean, PNVren eta PPren ezezkoa jaso genuen Udalbatzar honetan bertan.
Plan hori egin zenetik 5 urte igaro dira, eta joan den astean sexu eraso bat gertatu zen, plan horretan bertan zehazki aipatzen den zonalde eta kale batean (Hermogenes Rojo Kalea). Eta ez hori bakarrik, Udal honek jakin badaki hiri honetan puntu beltz berriak sortzen ari direla, adibidez Isozaki dorretan, eta ez du ezer egin arazo honi aurre egiteko. Eta zerbait egitekotan, gehienetan izaten da erasoak gertatu ondoren; adibidez Iturribide eta Zabalbide arteko kasuan bezala. Puntu hori identifikatuta zegoen aspalditik, emakumeen elkarteek eta mugimendu feministatik ere puntu hori behin baino gehiagotan salatu zuten, baina Udalarentzat ez zen lehentasun bat izan, han sexu eraso bat gertatu zen arte.
Orduan guk ikusten duguna da Udal honek oso intentzio onak adierazten dituela, baina gero, asmo hoiek ez direla lehentasunetan bihurtzen, ez zaizkielako baliabideak bideratzen. Orduan, txostengintza egitea oso ondo dago, baina goazen interbentzio eta egitasmo errealetan gehiago inbertitzera, mesedez.