Miguel: “Egitasmo honek ikuspegi ekonomiko zein ingurumenekoaren aldetik onurak ditu, hori dela eta, Udalbatza osoari eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari proiektuaren gauzapena eskatzeko”
EH Bildu Gasteizek Hegoaldeko errekak, Zapardiel eta Batan, bideratzeko egitasmoak dituen onurak azpimarratu ditu, bai ingurumen aldetik bai ikuspegi ekonomikotik. Hori dela eta, bihar ospatuko den udalbatzara eramango du gaia. Mozioan, EH Bilduk proposatzen die udal talde guztiei eskatzen die egitasmoa babesteko, gero Eusko Jaurlaritzari eskatzeko URAk hartutako konpromisoak bete ditzan.
“Proiektua ahalik eta azkarren gauzatzea Gasteizerako urgentzia bat da”, azaldu du Aitor Miguel Alternatibako kide eta EHBilduko zinegotziak. Zentzu honetan, erreka hauek kanalean sartu ordez urak biltzea planteatzen duen proiektuaren onurak azaldu ditu. “Egungo egoerak ez dauka inongo zentzurik. Gasteizko Mendietatik garbi heltzen diren urak zikinekin nahasten ditugu ostean garbitzeko. Horrela Crispijanak egin behar duen lana, eta ondorioz udalak duen gastua, igotzen da. Gainera, Crispijana askotan gainezka egiten du heltzen zaion ur kopuruagatik. “Gure kalkuluen arabera, urtean miloi bat euroko gastua dakar ur horiek hiriko ur zikinekin elkartzeak”, azaldu du Miguelek.
Bestalde, Aitor Miguelek gogorarazi ditu ur biltegiak eraikitzeko aurreikusten den zonaldean, hots, Lasarteko Legar-Hobietan, dauden interes espekulatiboak. “Proiektua gauzatzeak Hegoaldetik hazteko dauden interesak eta mamu espekulatzaileak behin betiko uxatuko ditu”, ondorioztatu du Miguelek eta gogorarazi du Kutxabank dela lurzoru horien jabe nagusia.
Hori dela eta, EH Bildu Gasteizek bihar planteatuko du akordio proposamen bat hiru helburuekin; proiektu hau lehentasunezkoa dela azpimarratzea, Eusko Jaurlaritzari eskatzea 2016an gauzatzeko eta Kutxabanki eskaera lurzoru honen inguruko negoziazioa errazteko.