Venezuelako parlamenturako hauteskundeak atarian izanik, abenduaren 6an, Venezuelako demokraziarekin elkartasunean eta desinformazio eta desegonkortze eta injerentzia kanpainaren etengabearen aurrean, 26 kolektibo, sindikatu eta alderdi politiko euskaldunek “Venezuela Aurrera” plataforma osatu dugu, Iraultza Bolivartarrarekiko Euskal Elkartasun Plataforma.
“Venezuela Aurrera”k bere lehen komunikatuan Venezuelako herriarena den prozesu demokratikoa mantentzeko ahaleginekin bat egin nahi du, eta martxan dagoen hauteskunde prozesu eta emaitzenganako errespetu zorrotza exijitzen du. Eskuineko oposizioak uko egin dio emango diren emaitzenganako errespetu konpromezua sinatzera, eta honek, lehenago gertatu den bezala, desegonkortze eta indarkeria eszenatoki batera eraman dezake Venezuelako herria.
Honako hauek dira Iraultza Bolivartarrarekiko Euskal Elkartasun Plataforma den “Venezuela Aurrera” osatzen duten eragileak: Alternatiba, Aralar, Arbol Euskal Herria, Askapena, Asodemuc, Bachue (Kolonbiako Errefuxiatuak Euskal Herrian), Cine de Base, “La Puebla” Zirkulu Bolivartarra, Ernai, Euskadi-Cuba elkartea, Ezker Anitza-Izquierda Unida, Gazte Komunistak, Gazte Komunisten Batasuna (GKB), Giltza, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza, IPES-GITE, LAB, Komite Internazionalistak, Marcha Patriótica Euskal Herrian (Colombia), Bakea eta Duintasuna, PCE-EPK, Resumen Latinoamericano, Revista “Encuentros”, Sortu eta Emigrados sin Fronteras.
Venezuelako herrialdean garatutako Iraultza Bolivartarra geopolitikoki berebiziko garrantzia duen elementu bilakatu da eta arrazoi honek AEB zein EBren inperialismoaren jo puntu estrategiko bihurtu du bertako gobernu iraultzailea, gure plataformatik bi botere inperialista hauek Venezuelan garatzen saiatzen diren edozein esku sartzea salatuko dugu.
Bere etorkizuna berdintasunez eta justiziaz eraikitzeko bidezkoa den eskubidea da Venezuelan jokoan dagoena, aski ezagunak diren errezeta neoliberalak baztertuz, Latinamerikako herriei hainbeste baztertze sozial eta desberdintasun ekonomikoa ekarri dieten errezetak hain zuzen ere.
Urteak dira herrialde hartan gertatzen ari den desegonkortze eta “kolpe leun” operazio sistematiko baten lekuko garela, eta operazio honen helburua Nicolas Maduroren gobernua indarraren bitartez kanporatzea baino ez da.
Nazioarteko Gerra mediatiko bizia saiakera golpistak legitimatzen saiatzen da, eta hedabideek aldakuntza prozesua babesten duen gehiengo sozialari ezikusia egiten dioten bitartean, gizartearen gutxiengo bat “Venezuelako herria” bezala aurkezten dute. Eta noski, gehiengo sozialak bultzatuko gobernuaren lorpenak ez dituzte ezta aipatzen, esateko baterako petrolio errentaren inbertsio sozialari esker 15 urteko epean pobrezia erdira murriztea lortu dutela.
“Kolpe leuna”k oso bizia den gerra ekonomiko, politiko eta informatiboa dakar barne, kanpora begira “kaos ekonomiko” eta “errepresio” mezuak zabaltzeko helburuarekin.
Gure euskal lurretatik Venezuelako herri borrokalariarekin, bere mugimendu herrikoiekin eta demokratikoki hautatutako gobernuarekin elkartasun aktibo eta etengabekoaz aurrera egiteko deialdia luzatzen dugu.