EH Bilduk irmo salatu nahi ditu Frantziako estatuko armada Sirian egiten ari den bonbardaketak; era berean, horrek guztiak populazio zibilean eragingo dituen ondorioen aurrean bere atsekabea azaldu nahi du. Sirian egindako eraso masiboak ez dira konponbidea, arazoa dira; izan ere, eraso horietan gatazkarekin ezelango zerikusirik ez duen populazio zibila hilko da. Eraso masibo horiek mina areagotzea eta gatazka gordintzea baino ez dute eragiten: Kobane, Beirut, Palestina eta munduko beste leku pairatzen ari direnak hainbat inperialismoren ondorioa dira. Guzti-guztiak salatzen ditugu salbuespenik gabe, eta herrien eta herritarren eskubideetan oinarritutako eskubideetan oinarritutako konponbide politikoak aldarrikatzen ditugu.
Mendebaldeko herrialde nagusiek aitortu dute talde ezberdinak finantzatu eta elikatu dituztela hainbat interesei jarraituta. EH Bildutik azpimarratu nahi dugu arazoa bere osotasunean ulertu behar dela: erantzukizunak argiak dira, Mendebaldean ere bai.
Ekintza eta jarrera bortitz horiek giza eskubideen urraketak eragiten ari dira Sirian eta inguruetan, herri horretako pertsonak beren etxeak eta herria uztera behartuta daudelako. EH Bildu drama hori bizitzen ari diren pertsonekin dago eta egon da. Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria Errefuxiatuen Bidea egiten ari da Balkanetan, eta duela aste batzuk Jordaniako errefuxiatu zelai handiena bisitatu zuen. Ikusten ari dena kontatzen da: tratu txarrak, sufrimendu asko… Eta badirudi Europan ez inon ez dagoela inor prest horren gaineko erantzukizuna bere gain hartzeko. Beharrezkoa da errefuxiatuei laguntza humanitarioa eskaintzea eta gure herrietan jasotzea. Baina benetan beharrezkoa dena da pertsona horiek guztiak drama batekin aurkitzea beste drama batetik ihes egiten ari direnean.
EH Bilduren adierazpena Pariseko erasoen aurrean
Atzo Parisen gertatutako eraso latzen aurrean EH Bilduk adierazpen hau helarazi nahi dio gizarteari eta iritzi publikoari:
-Lehenik eta behin gure samina adierazi nahi diegu Pariseko erasoetan hilik edo zauriturik izan diren herritarrei eta haien familiei. Horrekin batera gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Frantziako estatuko herritarrei une larri hauetan.
– Giza eskubideetan eta demokrazian oinarritutako gizarte ereduan sinesten du EH Bilduk, eta horren alde lan egiten du eta borrokatzen du egunero, Euskal Herrian eta mundu zabalean harremanak dituen herrialde guztietan. Mundu osoan gertatutako giza eskubideen eta oinarrizko printzipio demokratikoen aurkako eraso guztiak salatzen ditugu.
-Zentzu horretan, Parisen gertatutako erasoaren erantzuna giza eskubideetan eta oinarrizko irizpide demokratikoetan oinarritu behar dela aldarrikatzen dugu. Populazio zibilak modu bidegabean pairatu duen eraso ankerraren erantzuna ezin da inola izan neurri eta izaera berekoa. Eskubideen murrizketan oinarritutako salbuespen legeek demokrazia ahultzen dute eta ez dute inoren segurtasuna bermatzen.
– Parisen bizi den sufrimendua ez da mundu osoan bizi diren gatazketan bizi denarekiko ezberdina. Horregatik, aldarrikatzen jarraitzen dugu inork ez dezala indarkeria erabili errugabeen aurka, inork ez ditzala armak saldu bere etekinak handitzeko, eta inoren Nazioarteko politikak ez ditzala gatazka gehiago eragin. Herri eta pertsona guztien askatasunak baino ez du lortuko mundu osoan ditugun gatazka lazgarri guztiak gainditzea.