Alternatibako kide eta Euskal Herria Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek, Nekane Perez kaolizioko kidearekin batera, asteburua honetan presoen eskubideen alde egingo dugun baraualdiaren aurkezpena egin zuten atzo prentsa agerraldian.
2011an Euskal Herrian urte luzeetako gatazka konponbidearen agertokira eramateko ateak parez pare zabaldu ziren. Ordutik ona pausu esanguratsuak eman dira eremu ezberdinetatik konponbiderako prozesua aurrera ateratzeko eta gatazkaren ondorioak gainditzeko egia, justizia eta erreparazioaren printzipioak oinarritzat hartuta, sufrimendu ororen aitortza eta salbuespenik gabe biktima guztiak aintzat hartuta.
Denbora honetan gizartearen eragile politiko eta sozial anitzetatik, instituzio ezberdinetatik, nazioarteko eragile ekarpen garrantzitsuak heldu dira. Baina posizio eraikitzaile horien aurrean espainiar eta frantziar estatuak blokeo estrategian kokatu dira, eta horren islada nagusia presoekiko espetxe politika nabaria da.
Egun, izaera politikoa duen gatazkaren testuinguruan 400 euskal hiritar baino gehiagok jarraitzen dute preso sakabanaketaren politikaren baitan. Auzia ez da juridikoa, nahiz eta eremu judizialetatik bat egiten den Madrilgo gobernuak markatzen duen ildoarekin. Erabaki politikoa da presoekiko mendeku politika mantentzea, nahiz eta jakin horrekin batera presoei eta senitartekoei kalte eta sufrimendu handia eragiten zaien.
Bakea eta elkarbizitza helburu duen garai berri batean, legedia errealitate politiko berrira egokitu behar da, baina Estatuek salbuespeneko zigor, espetxe eta auzibide politika atzerakoian babestea erabaki dute. Horren ondorioz oinarrizko eskubideen urraketa eguneroko kontua bihurtu da.
Oinarrizko giza eskubideetaz ari gara, salbuespeneko zigor eta mendeku politika baten baitan urratzen diren pertsonen eskubideetaz. Nazioarteko epaitegiek ere zalantzan jarri dute politika hori eta erabaki garrantzitsuak hartu dituzte horren aurka. Ezin da onartu egoera mantentzea, ez da zilegia urraketa sistematiko eta konsziente honen aurrean aurpegia bueltatzea, edota eskubideen berma eskaintzea beste zeozeren truke, eskubideak merkantzia politiko bezala erabiliz.
Eskubide guztiak pertsona guztientzako. Oso gogoan ditugu giza eskubideen urraketak bizi izan dituztenak zein egun urraketa horiek bizi dituzten pertsonak, salbuespenik gabe. Lehentasunezko zeregina da modu integralean heltzea euskal gatazka politikoaren ondorioei. Eta presoen auziak lehentasunetariko bat izan behar du.
Euskal presoak Euskal Herrian egon behar dira, etxean, salbuespenik gabe. Gizartearen gehiengo zabal baten aldarrikapen argia da. Gatazka politikoaren konponbide integralerako ezinbestekoa zaigu preso dauden pertsonak gogoan izatea. Eurek, presoek, modu argi batean euren borondate osoa adierazi baitute Euskal Herrian irekita den ziklo politiko berriari ekarpena egiteko.
Guzti ha dela eta, datorren asteburuan EH Bildutik euskal presoen eskubideen defentsarekin gure konpromisoa berrizteko urrats berri bat egingo dugu. “Euskal Presoak Euskal Herrira, etxera” lelopean, Bilboko La Casillako polikiroldegian, larunbateko eguerditik aurrera, herri ezberdinetatik heldutako EH Bilduko dozenaka pertsonek 24 ordutako baraualdia egingo dugu sakabanaketa eta presoekiko mendeku politika salatzeko.
Horrekin batera larunbatean arratsaldeko 18etan giza katea bat abiatuko da La Casillatik Areatzaraino, eta igandean, eguerdiko 12etan, ekitaldi politiko bat deituko dugu La Casillan bertan.