Gure kide eta Euskal Herria Bilduko Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek azaroaren 25 emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira eginiko irakurketa udalak Alondegian antolatutako ekitaldian:
Hiriaren erdia ez omen da guretzat; espaloien erdia; kaleen erdia; eta batek daki, arnasteko airearen erdia ere ez ote dugun ukatua.
Bilboko mapa ikusi eta, guretzako, gune beltzak eta zonalde debekatuak ageri dira nonahi.
Erlojuaren erdia ere ez; denboraren erdia, gaua, ukatu baitigute. Beldurgarriena da maite zaituen horrek jartzen dizkizula mugak. Beldurgarria. Maite zaituenak askatasuna mugatzen badizu, zer ez du egingo min egin nahi dizunak?
Izan ere, inork daki non azalduko zaizun otsoa, eta ezjakintasun horrek beldurtuta bizitzera kondenatzen gaitu.
Baina aski da esateko garaia dugu.
Hiri osoa nahi dugu; bizitza osoa. Auzo zein kale guztiak nahi ditugu; lapurtu dizkiguten argiztatu gabeko izkinak eta erlojuaren ordu guztiak bizi nahi ditugu. Askatasunez bizi ere.
Eskubide guztiak dituzten pertsona horien modura bizi nahi dugu; kalea eta gaua gureak baitira.