Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotziak gogoratu du Iberdrola argiaren prezioa manipulatzeagaitik zigortua izan dela. Eztabaida Udalbatzarrera eramango du EH Bilduk.
Iberdrola multinazionalari Bilboko Udalak emandako titulua bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduk. Koalizioak eskari hori beste behin egiten du azken orduetan ezagutu den albistearen harira.
Izan ere, Lehiakortasunerako Batzordeak 25 milioi euroko isuna ezarri dio multinazionalari argiaren prezioa manipulatzeagatik. Batzorde horren arabera, Iberdrolak eskaintza murriztu zuen 2013. urteko gabonetan prezioak gora egin zezan. Jarrera hori multinazionalari emandako titulua eta aipamena bertan behera uzteko nahikoa dela uste du koalizioak.
Udalak 2011an Bilbotar Ospetsua titulua eman zion Iberdrolari. Aipamen hori bilbotarren izenaren, irudiaren eta interesen alde agerian jokatu duen pertsona eta erakundeei ematen zaie. “Eta herritarrek ordaindu beharreko argiaren prezioa manipulatzea ez da batere eredugarria”, salatu du Alba Fatuarte zinegotziak.
Multinazionalaren etika berriz ere ezbaian
Ez da lehen aldia Iberdrola enpresaren jokabidea eztabaidagarria dela. 2009 eta 2010 urteetan, pizgarri fiskalen aitzakipean, ez zuten Sozietateen Gainerko Zergarik ordaindu. “Urte horietan 5.700 milioi euroko irabaziak izan zituen multinazionalak. Beraz, nahiz eta legala izan, Iberdrolaren jokabidea ez da batere eredugarria” esan du Fatuartek.