“Gaurkoa, Euskararen Nazioarteko Eguna, ospatzeko, salatzeko eta aldarrikatzeko eguna da”. Hala hasi du bere hitzartzea Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek abenduaren 3ko ospakizun honen harira.
Ospatzeko, euskararen gizarte eragileek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dutelako euskararen normalizazioan azken hamarkadetan eta hizkuntza asko ez bezala bizirik iritsi delako gaur egunera. Ospatzeko, euskaltzaleek eta euskalgintzak egunero euskararen aldeko konpromisoari eusten diotelako; eta bihar ere, konpromisoarekin jarraitzeko prest daudelako. Baina ospakizunak neurriz egin behar dira, jakitun garelako, euskara bizirik egon arren, osasunetik urrun dagoela.
Gaurkoa salatzeko eguna ere bada, hizkuntza eskubideen urraketak betikotzen ari diren bitartean, hainbat instituzioetako arduradun politikoek konpromiso eta seriotasun falta erakusten dutelako, arauak ez betetzeak zigorrik ez ekartzea onartzen dutenean.
Bilbon bereziki, ospatzeko ezer gutxi dugu gaurkoan. Egia da, inoizko udal gobernu euskaldunena dugula, alkatea barne. Hau positiboa dela deritzogu, Udal gobernuaren barne zein kanpo jardueran euskararekiko begirunea gero eta sendoagoa dela ikusten dugulako. Tamalez, jarrera hori ez doa bat euskarak Bilbon behar duen bultzadarekin. Horixe da EH Bilduko kideok ondorioztatzen duguna, joan den astean onartutako Udal aurrekontuak aztertuta. Izan ere, Bilboko Udalaren diru sarrerak %4 igoko badira ere, Euskara sailak ia 250.000 euroko murrizketa izango du 2016an, eta kopuru hori are handiagoa izango zen, ez balitz onartu EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat, zeinari esker 50.000€ gehiago bideratuko diren euskararen erabilera sustatzeko. Gobernuak ez zituen onartu, ordea, Udal talde honek egindako beste hainbat proposamen, saltokiak euskalduntzeko, euskararen arnasguneak sustatzeko, euskarazko komunikabideak bultzatzeko, udalaren webgunea .eus domeinura igarotzeko, ezta euskara ikasteko diru-laguntzekin lotutako 5 proposamen ere.
Edonola ere, baliabide ekonomikoez gain, Udalak badauka beste hainbat tresna, Hizkuntza Politika eraginkor eta ausartaren bidez Bilbo euskaldunaren bidea bultzatzeko. Adibide bat euskararen udal ordenantza da. EH Bildutik urteak daramatzagu ordenantza horren beharra aldarrikatzen, berebizikoa delako arlo juridiko, politiko eta administratiboan euskarari dagokion estatusa lehenbailehen bermatzea. Ikasturte honetan hain zuzen ere, hainbat salaketa egin behar izan ditugu espazio publikoan antolatutako ekitaldietan euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe urratzen direlako. Ordenantzarik gabe euskaldunok babesgabe gelditzen gara gure hirian; Udalak hala erabaki duelako. Horrelako momentutan, gure eskubideak zapaltzen dituztenean, alegia, oso zaila izaten da batzuek aldarrikatzen duten #poziktibity jarrera delakoa mantentzea. Argi dago euskaldunok euskara beldurrik gabe erabili behar dugula, baina, hori ezinezkoa da trabaz beteriko hiri batean: beldurra baino etsipena da.
Udal Gobernu honen etorkizuneko hirian euskara ez dago kontenplaturik: ez dago hizkuntzaren erabilera edota transmisiorako plangintza argirik, ezta ezagutza eta irakaskuntza sustatzeko ere: euskalduntze eta alfabetatzearen doakotasun unibertsalerako urratsak eman beharrean, euskara ikasteko diru-laguntza partida bere horretan mantentzea erabaki da eta gainera Bilbotar gehienek ez dute dirulaguntza hauek eskatzeko aukera ere. Oztopo horiek guztiek euskaldunon bizi kalitatea mugatu baino ez digute egiten.
EH Bildun konpromiso zehatzak nahi ditugu mahai gainean. Non dago duela urtebete Udal Gobernuak bultzatutako “Euskararen Bilbo” akordioa?… ahaztuta dagoeneko! Jakin badakigu, Euskara Saileko arduradunek publikoki hala adierazi dutelako, Euskararen Aholku Batzordea laster sortuko dela, baina egun ez dakigu nola gorpuztuko den: ez dago argi nortzuek osatuko duten ezta zeintzuk izango diren bere funtzioak. Gure iritziz, instituzioak euskalgintzarekin esku-hartze zuzena izateko espazioa izan beharko litzateke batzorde hori; barne zein kanpo planei jarraipena egiteaz gain, edukiz hornituko dituen erabakigunea; eta ez beste sail batzuetan gertatzen den bezala, sei hilean behin argazki bat egiteko bilduko den gune informatzaile soila. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko, gobernu honek parte hartze aktiboaren bidean bidelagun aurkituko gaitu beti; baina argi utzi nahi dugu ez diogula zilegitasunik emango Udalaren irudia zuritzeko baino sortutako espazio bati.
Behin eta berriro diogu hitzetatik konpromisoetara igarotzeko momentua dela. Eh Bildu Bilbo-n ondorengo dekalogoa gure egin dugu: