Presoen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa egingo da, hurrengo larunbatean, Bilbon eta Baionan, Sarek eta Bagoaz-ek deituta. EH Bilduk eta EH Baik bat egiten dugu manifestazio horien aldarriekin eta eskaerarekin, pertsona guztien eskubide guztiak defendatzearen printzipioa gure egiten dugun heinean. Zentzu horretan, demokraziaren eta gizarte baten elkarbizitzaren oinarrizko irizpide horrekin bat egiten duten euskal herritar guztiak Bilboko eta Baionako kaleetara ateratzeko deia egiten dugu.
Lau urte joan dira Aieteko adierazpena onartu eta ETA erakundeak bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat eman zuenetik, eta orduz geroztik, makina bat urrats eman dira Euskal Herrian bakea eta elkarbizitza eraikitzearen alde. Euskal herritarren gehiengo zabal batek modu batera edo bestera ere adierazi du bakean eta elkarbizitza demokratikoan sakontzeko eta aurrera egiteko desioa eta borondatea.
Hori horrela izan arren, Espainiako eta Frantziako estatuek beren blokeo egoerari eusten diote, ez dute inolako borondaterik erakusten bakean eta elkarbizitzan sakontzeko eta urratsak emateko; aitzitik, euskal gizartearen gehiengoaren desioa eta borondatea gauzatzeko oztopo nagusi bihurtu dira, eta esku artean dituzten tresna guztiak erabiltzen dituzte herri honen nahiak ez gauzatzeko.
Testuinguru horren baitan kokatu behar dugu Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe politika. EH Bildutik eta EH Baitik ulertzen dugu bakean eta elkarbizitza demokratikoan sakondu nahi bada, ezinbestekoa dela herritar guztien eskubide guztiak errespetatzea, presoenak ere bai. Aldarrikapen hori, gainera, bat dator nazioarteko eragile ezberdinek adierazitako irizpideekin. Hau da, oinarrizko aldarrikapen demokratikoa da, demokraziaren oinarrizko irizpidea betetzeko eskaera da.
Demokraziaren oinarrizko printzipioa da dispertsio politikarekin amaitzea; une honetan 400 preso baino gehiagok pairatzen dute sakabanaketa politika, eta ondorioz, euren etxeetatik ehunka kilometrotara betetzen dute beren zigorra, horrek beren senitarteko eta hurbilekoei eragiten dien kalte fisiko, psikiko eta ekonomikoarekin. Eta gainera, 12 preso daude gaixotasun larriekin espetxeratuta.
Bere burua demokratikotzat duen estatu eta gizarte batean egoera hau onartezina da. Bakean, elkarbizitzan eta irizpide demokratikoetan sinesten duen edozein pertsonak ezin du onargarritzat eman horrelakorik gertatzea bere gizartean. Demokraziagatik, bakeagatik, elkarbizitzagatik eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuagatik, hurrengo larunbatean Bilboko eta Baionako kaleetan izango gara EH Bildu eta EH Bai, eta printzipio horietan sinesten duten euskal herritar guztiei mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu.
Euskal Herrian, 2016ko urtarrilaren 5ean