Alba Fatuarte, EH Bilduko zinegotzi eta Alternatibako kideak, Espainiako Itzuliagatik ordaintzea suposatuko duen xahubidea salatu du. “Ulertezina da udal gobernuak hartu duen erabakia. Orain dela egun gutxi bilbotarrek aurrekonturako egindako proposamen guztiak atzera bota zituzten. Bilboko 16 auzokide eta kultur arloko elkarteek egindako 20 proposamenentzat ez dago dirurik. Herritarren eguneroko arazoak konpontzeko dirurik ez, beraz. Espainiako Itzuliaren antolatzaile eta hotel handiei ordaintzeko, berriz, ez dago inolako arazorik”, salatu du Fatuartek.
EH Bildu Bilbok gogoratu du orain dela lau urte gertatutakoa. Orduan 197.000 euro gastatu zituen Udalak. “Diru publikoa xahutzen ari dira. Ekonomian omen duen eragina behin eta berriz aipatzen dute horrelako ekitaldiak babestek, bilbotarren beharrizanak ahazten dituzten bitartean”.
Hori dela eta, EH Bilduk Gobernuari galdetuko aurten zenbat diru bideratuko den Espainiako Itzulia babesteko. Horretaz gain, Udalak ekitaldi horretara bideratuko dituen baliabideak zehaztu beharko ditu. Esaterako, ekitaldi horretan lan egingo duten udaltzaingo kopurua, argiztapena edo kaleak atontzeko egingo diren lanen inguruan galdetuko du EH Bilduk.