Elite ekonomiko eta finantziero boteretsuek kontrolatu eta zuzendutako Europar Batasuna. Banku eta multinazionalen esanetara dagoen Europar Batasuna, herri eta herrialdeak itotzen dituena, herritarren oinarri-oinarrizko eskubideak ere ukatuz. Lehen mailako herritarrak, bigarren mailakoak eta herritar ikusezinak dituen Europa. Egiteko eta betebeharrak bai, baina eskubide eta askatasunik ez duen Europa, munduaren aurrean harrokeriaz ongizatea goraipatzen duena, bere herritarrei ere halakorik bermatzen ez dien bitartean. Gaur egun, bertan bizi garen herritarren gehiengoak ukatzen dugun Europa.
Finantza sistemaren ez-arautzea, boterea euren interesen alde soilik egiten duten lobbien esku uztea, zerbitzu publikoak enpresa pribatuei saltzea, eurek sortutako zorra ordainaraziz estatu eta herriak itotzea… “Europako instituzio” deiturikoek hartutako neurrietako batzuk dira horiek, neurri horien ondorioak sufritzen ditugunoi galdetu ere egin gabe hartutako neurrietako batzuk. Horma eta harresi fisiko zein lege-bidezkoak eraikitzea, elkartasuna eta babesa behar duten errefuxiatuak kriminalizazio eta bazterkeriaren esku utziz. Askoren pobrezia, miseria eta bazterketa soziala handitzea gutxi batzuen pribilegioak mantentzeagatik. Hau da austeritate eta eskubide murrizketen Europaren argazkia, eta honen aurka egin behar dugu.
Asko gara urtetan zehar proiektu “komun” horren gezurra salatu dugunak. Orain, 23 urte beranduago, askoz gehiago gara gehiengoaren interesen aurka eraiki duten kapitalaren Europa hori aldatzeko beharra ikusten dugunak. Europa justu eta solidarioagoa aldarrikatzen dugu, oinarrizko eskubideak bermatuko dituena eta herritar guztiok bizitza duin bat garatu ahal izateko oinarriak ezarriko dituena. Bere baitako herri eta herritar guztiak erabakitzeko sujetu bilakatuko dituen bide demokratikoa abiatuko duen Europa. Gure instituzio eta ordezkari demokratikoak zuzenean guk geuk aukeratuko ditugun Europa berri bat.
Elkartasun eta internazionalismoaren printzipioen gainean eraikitako etorkizun berria balioan jartzeko garaia da. Egin nahi dugun bidea Herriek eta bertan bizi garen herritarrok erabakiko dugun etorkizun berria. Herri, nazio eta estatu bakoitzak, burujabetza osoz bere erabaki propioak hartzeko ahalmena izan dezan, horrek beste inor ekonomikoki ito gabe. Inor atzean utziko ez duen Europa bat eraiki nahi dugu, denontzako aurrerapen sozialaren berme izango dena. “Reset” bat behar dugu, lapurtutako burujabetza itzuliko diguna, modu horretan gure politika sozial eta ekonomikoak erabaki eta martxan jarri ahal izateko. Praktikan jarri nahi ditugu giza eskubide guztiak, eskubide sozial eta politiko guztiak, inork horregatik mehatxatuko ez gaituen ziurtasunaz. Gutxietsiak eta alboratuak izan garen guztiak eskubide osoko herritar izan nahi dugu; izan emakume, etorkin, gazte edo errefuxiatu.
Egungo europar sistema errotik aldatzeko asmotan lanean ari diren indar sozial zein politikoekin elkarlanean bidea egiteko prest gaude, gaur egun gobernatzen gaituztenen eredutik aldenduz, demokrazia maila guztietan berreskuratzeko asmoz. Aldaketa eraiki nahi dugu Euskal Herria herri hobe bat bilakatzeko Europa berri batean, pertsonak zentroan jarriko dituen Europa batean, bere baitako herrien nahi sozial, ekonomiko eta politikoak errespetatuko dituen Europan. Asko dugu elkarren artean hitz egin eta eztabaidatzeko gure herri txiki handi honek eta Europak behar duen aldaketari buruz. Gure arteko ezberdintasunak errespetatu eta aitortuz batzen gaituenari balioa emateko gai bagara, beraien interesen mesedetan burumakur eta otzan nahi gaituztenen aurrean irabazle izango gara.
Aldaketaren aldeko hamaika eragilek parte hartuko dugun “Europarako B plana” izeneko jardunaldiak aukera paregabea izango dira proiektu, asmo eta ikuspuntuak elkartrukatzeko. Horregatik, “Europarako B plana” dokumentua sinatzen dugunok jarrera eraikitzaile batekin lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, herritarron gehiengoari lapurtzen saiatu zirena itzultzeko asmoz lanean ari diren indar eraldatzaileekin elkarlanean.
Joseba Asirón, Marian Beitialarrangoitia, Sabino Cuadra, Miren Larrion y Aitziber Ibaibarriaga