Joan den astean Marokoko kontsularen bisitaren ondorioz egin bezala, oraingoan ere EH Bilduk protesta irmoa adierazi du, oraingoan Legebiltzarreko presidenteak Israelgo enbaxadoreari egin dion harrera dela eta. Parlamentura iritsi denean, enbaxadoreak kalean bildutako jendea ez ezik, EH Bilduko hainbat legebiltzarkide ere zain zituen atean, Palestinaren aldeko kartelak eta banderak eskuan, gobernu sionistaren politika salatzeko eta palestinarren aldeko mezua helarazteko.
Diana Urreak Alternatibako kide eta legebiltzarkideak azaldu duenez, “protesta egin dugu ezin dugulako onartu Legebiltzarrak Israel bezalako erregimen genozida bat ordezkatzen duten pertsonei horrelako harrerak egitea”. Izan ere, “ezin dugu ahaztu, eta ez dugu ahaztu nahi, Israelek palestinarren giza eskubideak etengabe urratzen dituela. Horregatik, nazioarteko erakundeen erresoluzioak eman dizkiogu enbaxadoreari, Palestinak pairatzen duen eraso etengabea salatzeko eta palestinarren askatasuna exijitzeko”. Horren ostean, legebiltzarkideek bat egin dute kalean Euskal Herria-Palestina Sareak deitutako elkarretaratzean.