Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotzia Bilbon, David Lopategi Bizkaiko batzarkidearekin batera, koalizioak Correscales ekimenean parte hartuko duela adierazi dute gaur goizean Bilbon. Telefonicako langileek egindako greba izan zuen sorburu ekimen horrek eta, multinazional horretan argi geratu zen bezala, beste enpresa askotako prekarietatea salatzea du helburu ekimenak.
“Otsailaren 18tik 22ra, Bilbotik Bartzelonaraino doazen 800 kilometroak egingo dituen Korrika Prekarioak, Correscalesak, egoera prekarioenean dauden langileen arteko zubiak eraikitzera dator. Egoera aldatu daitekeela esatera dator; kalera ateraz, elkartasuna abian jarriz eta sektore desberdinek elkarren artean babestuz, gauza asko aldatu daitezkela esatera dator. Baina bestetik, egun pairatzen dugun egoera tamalgarria salatzea ere du helburu: Sistema kapitalista eta patriarkal honetan, langileak, mozkin handiagoak lortzeko tresna besterik ez gara eta emakumeok bereziki sufritzen ditugu horren ondorioak”, adierazi du Fatuartek.
Erakunde publikoen ardura
Hala ere, prekarietatea ez da arlo pribatuan sortu eta garatzen den zerbait. EH Bilduko kideek erakunde publikoek daukaten ardura salatu dute. “Zoritxarrez gure erakundeek garatutako politikek, prekarietatearen kontra egin beharrean, aurkako norabidea izan dute. Ezagunak dira gure lurralde historikoan egindako obra publiko askotan izandako lan baldintzak. Eta hori, urterik urte, lan sektore guztietan izandako lan istripuak ahaztu gabe”, gogoratu du Lopategik. Prekarietatearen adibide dira San Mames edo Supersur bezalako obrak edota Bilboko Udalak azpikontrataturiko eta langileei nomina ordaindu ez dien Grupo Empresarial Santutxu.
Aldi berean, erakunde publikoek prekarietate horrekin bukatzeko eman ditzaketen urratsak azaldu ditu. “Guzti horretan administrazio publikoak badu zeresana. Kontratazio baldintzetan eta kontratuak ematerako orduan klausula bereziak jarriko balituzte, enpresen gehiegikeriak eta neurrigabekeriak ekidingo lirateke. Eta horretarako gauza bat baino ez da beharrezkoa: Borondate politikoa“.